EH Bilduk etxebizitza eta zaintza lehenetsi ditu Beasainen
Udalaren lidergo ausarta eta ikuspegi estrategikoa eskatu ditu koalizioak, herriaren bizitasuna berreskuratzeko helburuarekin.
Beasaingo EH Bilduko udal ordezkariak, artxiboko irudian.Ariane Vierbücher Beasaingo EH Bilduk 2026ko udal aurrekontuei begira egindako proposamen sorta aurkeztu du, etxebizitza publikoa, zaintza ekosistema eta tokiko merkataritza indartzea lehentasun nagusi gisa jarriz. Koalizioaren arabera, Beasain “herri bizia eta oparoa” izan da urte luzez, baina azken urteetan hainbat adierazlek erakusten dute bizitasun hori apaltzen ari dela, eta horrek erantzun politiko ausartagoak eskatzen dituela.
EH Bilduren esanetan, herriak elkartegintza indartsua, kirol eskaintza zabala, merkataritza-sare erreferentziala, industria sendoa eta kultur jarduera oparoa izan ditu, baina gaur egun hainbat erronka mahai gainean daude. Besteak beste, elkartegintzan eta merkataritzan erreleboa emateko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko arazoak, desberdintasun sozialen areagotzea eta zahartzaro duina bermatzeko zaintza zerbitzu integralago baten beharra nabarmendu ditu.
Koalizioak uste du Beasainek baduela egoera iraultzeko potentziala eta gogoa, baina horretarako ezinbestekoa dela udalaren lidergo ausarta eta ikuspegi estrategikoa. “Beharrezkoa da udalaren gidaritza sendoa, epe ertain eta luzera begirako norabidea markatuko duena”, adieraz du EH Bilduk, eta gaineratu du jarrera eraikitzaile eta ekintzailearekin jarri dituela proposamenak mahai gainean, “elkarlanerako eskua luzatuta uneoro”.
Aurkeztutako proposamenen artean, etxebizitza politikek pisu berezia dute. EH Bilduk alokairurako etxebizitza publikoak sustatzeko lursailen erosketa proposatu du, etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunei aurre egiteko. Zaintzaren arloan, berriz, Beasaingo zaintza mahaia sortzea planteatu du, diagnosi partekatu bat egin eta ekintza plan bat osatzeko, prozesu parte-hartzaile baten bidez.
Hizkuntza politiketan, euskararen sustapena modu integral eta eraginkorrean garatzeko baliabideak handitzea eskatu du koalizioak. Ildo horretan, hezkuntza errefortzua urte osora zabaltzea, Lehen Hezkuntzan udaleku bateratuak ezartzea eta udalak hitzarmena duen herriko eragileekin konpromisoa sakontzea proposatu du, jarraipena hobetuz eta dinamika berriak sortuz.
Tokiko merkataritza indartzeko asmoz, bi bono kanpaina egitea proposatu du EH Bilduk: bata herritar guztiei zuzendua, 80.000 euroko aurrekontuarekin, eta bestea gazteei soilik zuzendua, 40.000 eurokoa. Elkartegintzari dagokionez, berriz, diagnosi eta ekintza plan bat egitea planteatu du, erreleboak lantzeko, burokrazia lanetan laguntzeko eta elkarteen arteko koordinazioa sustatzeko.
Bestalde, erabilerarik ez duten lurrak nekazaritzara eta baso kudeaketa jasangarrira bideratzeko lur erosketa proposatu du koalizioak, eta energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi du, udal eraikinen hornidura Goienerren bidez berriztagarria izatea helburu hartuta. Mugikortasun eta irisgarritasunari dagokionez, igogailu sarearen planifikazioarekin jarraitzea eskatu du, hurrengo esku-hartzeak Kale Nagusia–Esteban Lasa eta Bista Alai eremuetan kokatuz.
Azkenik, udal plantillari begira, lanaldi osoko berdintasun eta gazteriako teknikari postuak sortzea proposatu du EH Bilduk. Koalizioak adierazi du lanean jarraituko duela «jarrera aktibo eta eraikitzailearekin», herritarren beharrei erantzungo dieten eta etorkizuneko erronkei aurre egingo dieten aurrekontuak adosteko helburuarekin.













