«Umoreak barre eragitea bilatzen du; garbia da eta egiarekin jokatzen du»
Kazetaria eta komunikazio politikoan espezializatua da Elisabet Mejuto lazkaotarra, baina urteak daramatza stand-up komedia lantzen. 20 urte etxetik kanpo bizi ondoren bueltatu da Euskal Herrira, eta bihar euskarazko Algaraka bakarrizketa gauean parte hartuko du, Bergaran.
Elisabet Mejuto, oholtzan.Hitza Hobby gisa baliatzen du umorea, baina esperantza du etorkizunean ogibide bihurtzeko; komediante bezala ez bada ere, gidoilari gisa. Bere lanetan egunerokoaren, intimitatearen eta autoironiaren elementuak uztartzen ditu, besteak beste.
Noiz hasi zinen mundu honetan?
Bartzelonan beti izan naiz lagunen artean jostagarriena, edo hori esan izan didate beti. Han nengoela, 2018an jaso nuen aurreneko formakuntza, testuan espezializatutako Martin Piñon komikoarekin. Tomas Fuentesekin ere egin nuen asteburu oso bateko intentsiboa, eta beranduago, Gabi Gomezekin. Oso mugitua naiz, eta gauzak ahalik eta ondoen egiteko ahalik eta jakintza gehiago izatea hobesten bada, horietan ahalik eta gehien trebatzea gustatzen zait.
Baina ez hori bakarrik. Formakuntzaz gain, Bartzelonan ohikoak diren open-etan ere probatzen nituen neure testuak. Leku irekiak dira, eta komiko zein gidoilariak maiz joaten gara bertara, idazten ditugun testuek funtziona dezaketen ala ez ikustera; nik ere idazten nituen testu guztiekin egiten nuen proba.
«Nire unibertso pertsonalaren ikuspegi bat eskaintzea gustatzen zait, baina notiziak ere baliatzen ditut maiz edukiak sortzeko»
Umorea gardena dela esaten da…
Umoreak barre eragitea bilatzen du, eta publikoarekin neurtzen duzu hori. Gainerako diziplinek beste erreakzio batzuk bilatzen dituzte: pinturak artistak duen espresatzeko ahalmena erakusten du eta zineak barruak astintzen dizkizu. Umorea, aldiz, garbia da eta egiarekin jokatzen du.
Zer baliatzen duzu umorea egiteko?
Nire unibertso pertsonalaren ikuspegi bat eskaintzea gustatzen zait, baina notiziak ere baliatzen ditut maiz edukiak sortzeko; agian kazetaria naizelako izan daiteke hori. Oro har, emozionalki mugitzen gaituzten gaiak lantzen ditugu, eta errekurtso ezberdinak baliatzen ditugu horretarako.
Inoiz ikaratu al zaitu oholtzak?
Bai, euskaraz. Pentsa, azken urteetan egin dudan komedia gazteleraz eta katalanez izan da, eta gaitasun handia lortu dut umoretik segituan erantzuteko. Baina euskaraz… lazkaotarra naizen arren, 20 urte igaro ditut etxetik kanpo, eta jariotasuna galdu dut; inprobisatzeko gaitasun gutxiago dut. Euskal publikoa, gainera, ez dut ezagutzen. Apenas dakit euskal publikoaren idiosinkrasia zein den, eta ezjakintasun horrek epaitua izatera narama.
Publiko katalana, esaterako, ezin hobe ezagutzen dut: badakit zeintzuk diren bete-betean sartzen diren txisteak, eta badakit zerk ez duen batere funtzionatzen.
«Sentsazioekin jokatzen dugu askotan. Biharko saioan, umoregileekin zein publikoarekin disfrutatzea eta barre eragitea nahiko nuke»
Izango dira une deseroso gehiago egiten dituzuen emanaldietan.
Gutxitan izan baditut ere, ematen dira noski, eta kudeatzen jakin behar duzu. Ni oso zuzena naiz eta ikuskizuna zapuztu dezakeen zerbait hautemanez gero, desaktibatzen ahalegintzen naiz. Baina horrek ere kontra-erreakzioak sor ditzake: jarrera desegokiak emanaldiaren hasieran desaktibatzen badituzu, publikoa kontran jarri daiteke, batez ere tabernako formatuetan. Horregatik neurtzea beharrezkoa da.
Algaraka saioan izango zara bihar, Bergaran. Beste umoregile batzuekin batera izango zara, euskaraz.
Urduri nago, euskaraz delako. Umoregileak ere ez ditut denak ezagutzen, baina gogotsu naiz. Jende profesionala da eta oso eskertuta nago nirekin kontatu izanaz. Testuek ere urduritzen naute; oraindik zalantzak ditut testu batzuekin, eta ez dakit nola egingo dudan bariantea. Kuadrillako hiru lagun ere badoaz, eta horrek ere urduri jartzen nau, aktuatzen ikusten nauten aurreneko aldia delako. Epaia dago, ebaluatua izango naizelako, nahiz eta badakidan horietako askok maitasunetik egingo dutela epaiketa hori.
Zer beharko zenuke saioarekin gustura geratzeko?
Sentsazioekin jokatzen dugu askotan. Umoregileekin zein publikoarekin disfrutatzea eta barre eragitea nahiko nuke. Presioak askotan ez du disfrutatzeko astirik ematen, baina azken urteetan komedian ikasi dudana zera izan da: zenbait astakeria esan arren, disfrutatzea lortu badut eta publikoa gustura egon bada, esperotakoa lortu dudala. Eta hori lortu nahiko nuke biharko saioan ere.













