Zeraingo zirkulazioa baretzeko lanak, bukatzear
Lanak hilabeteko epean egin dira eta zeharbidearen ‘kale itxura’ indartu ditu, ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza lehenetsiz. Frontoiaren eta Ostatuaren inguruan egin dituzte berrikuntzak.
Arantzazu Gereñu Zeraingo alkatea eta Felix Urkola diputatua, irudiaren erdian. GFA Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du bihar, ostirala, amaituko dituztela Zeraingo zeharbidean ibilgailuen zirkulazioa baretzeko lanak. Esku-hartzea hilabeteko epean egin dute eta zeharbidearen kale itxura indartu du, trafikoaren eta oinezkoen arteko elkarbizitza lehenetsiz
Zeraingo Udalaren eskaerari erantzunez eta elkarlanean landutako proiektu horren helburua “ibilgailuen abiadura murriztea eta oinezkoentzat babestuagoa den ingurunea sortzea izan da, bereziki frontoiaren eta Ostatuaren inguruan, herriko bizitzarako funtsezkoak diren guneetan”. Jarduketak zeharbidearen trazadura aldatu du eta errepidearen “kale itxura” indartu duela nabarmendu du aldundiak, galtzadaren kota espaloiaren mailara igota. “Hala, zirkulazioa txandaka egingo da aurrerantzean eta ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza erraztuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 156.636 euroko inbertsio egin du lan hauetan”.
Zeraingo jarduketa hori Gipuzkoako Foru Aldundia lurralde osoko udalerrietan bultzatzen ari den jarduketa-plan baten barrukoa da. “Plan horren helburua da herri-errepideetan eta zeharbideetan oinezkoen eta trafikoaren arteko bizikidetza hobetzea, tokian tokiko esku-hartzeen bidez; segurtasuna, irisgarritasuna eta ongizatea indartuz. Aldundiaren tokiko ekintza-plan honek 2026 eta 2027 urteetarako 7,35 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, mota eta eskala desberdinetako jarduketak garatzeko”.
Bigarren fase batetarako lanketak
Bestalde, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak obretara egindako bisita baliatuta, aldundiak eremu horretan aurreikusten dituen hobekuntzen bigarren faseari buruzko lanketak kontrastatu zituen Arantzazu Gereñu alkatearekin. Bigarren fase horren bidez, orain amaitu diren lanen puntutik abiatuta, Zeraingo zeharbide osoan egin daitezkeen hobekuntzak aztertzen ari da aldundia. Antolar jubilatu elkarteak egindako eskaera eta ekarpenak ere izanik, elkarteko kideekin partekatu ahal izan zituen landutako proposamenak, asmoen berri emanez. “Aldundiaren nahia jasotako ekarpenekin behin betiko proiektua idaztea da, eta bigarren fase batean lan horiek gauzatzea, horrela Zeraingo zeharbide osoan oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko”.













