CAFek Belgikako makrokontratua lortu du, eta lehen eskaera ofizializatu
Beasaingo enpresari esleitu diote SNCB operadorearentzako trenen flota berria hornitzeko kontratua. 1.700 milioi euroko bolumena izango du.
CAFek eskuratu du Belgikako makrokontratua. Taldeak ohar bidez jakitera eman duenaren arabera, CAFi esleitu diote Belgikako SNCB operadorearentzako trenen flota berria hornitzeko kontratu erraldoia. “SNCBk (Société Nationale des Chemins de fer Belges) Belgikako enpresak gaur egun kudeatzen duen unitateen parkea berrituko duen AM30 trenen flota berria diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko kontratua CAFi esleitu diola iragarri du”, azaldu dute.
Aurreneko entregak ofizializatu dituzte dagoeneko. 180 treneko (54.000 plazatarako edukiera) oinarri-irismena duen esparru-akordioa da, eta 1.700 milioi euroko bolumena izango du. Etorkizunean, gehienez beste 380 unitaterekin (170.000 plazarako edukiera hornidura handitzeko aukerak aurreikusten dira) osatu dezakete akordioa.
Gorabehera handiak izan ditu kontratu erraldoiaren lorpenak, helegite eta epaiketak tarteko. Irailean, Belgikako Estatu Kontseiluak argi berdea eman zion CAFi herrialdeko tren-flotaren erdia berritzeko kontratuan. Epaitegiak behin betiko baztertu zuen Alstomek aurkeztutako azken errekurtsoa, Siemens-en aurrekoa bezala, eta horrela desegin zituen akordioa ixteko zeuden azken oztopo legalak.
CAFek bidalitako oharrean SNCBk igorritako oharraren berri eman du. Honela dio:
“Ostiral honetan, 2022ko abenduan bagoi berriak esleitzeko irekitako Europako lizitazio publiko baten ondoren, SNCBko administrazio kontseiluak erabaki du kontratua CAFi esleitzea, eta lehenengo eskaera ofizializatu du, 180 bagoiko entregarako, 54.000 plazarekin, 1.700 milioi euroren truke. Kontratuak zehazten du lehenengo bagoiak 2030ean hasiko direla zerbitzua ematen. Guztira, 170.000 plaza aurreikusten ditu kontratuak, eta 12 urteko iraupena du”.













