Eguberrietako menua: Unai Perez Iantziren errezetak
Lehen platera, bigarrena eta postrea. Hona hemen Unai Perez Iantzi sukaldari legazpiarrak Eguberrietarako proposatu duen menua.
Unai Perez Iantzik Eguberrietarako proposatutako menua.Hitza BENEDICTINE ARRAUTZAK HOLANDAR SALTSAREKIN
Osagaiak
- Arrautzak (pertsonako bat)
- Brioche ogi xerrak
- Gurina (ogia txigortzeko)
- Tipula (pertsonako erdia)
- Hirugiharra (pertsonako hiru)
- Parmesano gazta
- Tipulin freskoa (apaintzeko)
- Holandar saltsa egiteko
Bi arrautza gorringo
- 125 gramo gurin
- Limoi erdi baten zukua
- Bi koilarakada ur
- Gatza eta piperbeltza
Prestaketa
Brioche ogia txigortu zartaginean, gurin pixka batekin. Aparte, juliana erara txikitutako tipula gorritu olio olibarekin. Ogia txigortuta dagoenean, hirugiharra egin ondo gorritu arte.
Holandar saltsa egiteko, lehenengo urtu gurina, goiko aparra kendu eta utzi epeldu arte. Bi gorringoak, gatza, limoia eta ur pixka bat ontzi batean jarri, irabiatu irabiagailuarekin, eta gurina gehitzen hasi pixkanaka, baina koipea bakarrik.
Ondoren, arrautzak ur irakinetan egin, gatz eta ozpin pixka batekin banan bana.
Aurkezpena
Ogiaren gainean gazta birrindua bota, hirugiharra jarri gainean, eta gero tipula. Arrautza eginda dagoenean, arrautza jarri, eta holandar saltsarekin estali.
Amaitzeko, labean gratinatu eta bakoitza plater batean atera, gainean tipulina duela.

Benedictine arrautzak holandar saltsarekin.
LEGATZA, PIKILLO SALTSA ETA PORRU KURRUSKARIAREKIN
Osagaiak
- Legatz solomoa (pertsonako tako bat)
- Bi porru (parte zuria)
- Olioa
- Gatza eta piperbeltz zuria
- Oliba beltzak eta txorizoa, apaintzeko
Pikillo saltsa egiteko
- Tipula zuri eta gorri bana
- Hiru baratxuri ale
- Gatza eta piperbeltza
- Perrexil freskoa
- Ezti koilarakada bat
- Pikillo piper pote bat
- 150 gramo kozinatzeko esne-gain
Prestaketa
Txorizoa xafla mehetan eta oliba beltzak erditik moztu, eta 120 gradutara dagoen labean sartu, 50 minutuz.
Porru kurruskaria egiteko, porruaren zati zuria erditik moztu, eta gaineko hostoak erabili tira fin-finak egiteko. Gatza bota, eta irinean pasatu eta gero, oilo bero-berotan frijitu.
Legatza aurretik 180 gradutara berotutako labean sartu, eta 9 minutuz egin.
Pikillo saltsa egiteko, tipulak, baratxuria eta sobratu den porrua frijitu ondoren, piperrak, eztia, perrexila eta ur pixka bat gehitu, eta egosten utzi ordu erdiz. Gero dena birrindu, eta saltsa irabiatu.
Aurkezpena
Pikillo krema jarri plateraren hondoan, eta gero legatza. Gainean porru kurruskaria jarri, eta aurretik txiki-txiki egin dugun txorizoa eta oliba beltzak botako dizkiogu, apaintzeko.

Legatza, pikillo saltsa eta porru kurruskariarekin.Hitza
BI TXOKOLATEDUN MOUSEA
Osagaiak
Txokolate zuriarentzat
- 300 gramo txokolate zuri
- 500 gramo esne-gain
- Azukrea
- Bi gelatina xafla
Esnedun txokolatearentzat
- 300 gramo esnedun txokolate
- 500 gramo esne-gain
- Azukrea
- Bi gelatina xafla
Apaintzeko
- Mendafina Zigarrotxoak
- Almendra txikitua
Prestaketa
Lehenik gelatina xaflak hidratatu.
Ontzi batean, esne-gaina harrotu azukrearekin, eta aurretik urtutako txokolate zuria eskuz nahastu.
Hidratatutako bi gelatina xafla urtu, eta eragiteari utzi gabe, aurretik egindako nahasketari erantsi.
Beste ontzi batean, operazio berdina egin esnedun txokolatearekin. Eta bi nahasketak hozkailuan gorde 40 minutuz.
Aurkezpena
Kopa batean, almendra txikitua jarri eta gainean nahasketetako bat gehitu pasteletarako mahuka baten laguntzaz. Gainetik almendra gehiago ipini, eta ondoren beste nahasketa gehitu.
Apaintzeko, mendafin hosto batzuk eta zigarrotxo bat jarri.

Bi txokolatedun mousea.Hitza













