Eskulangilearen artea Eguberrietarako
Kurkubi markarekin saltzen ditu Pilar Azpiazu gabiriarrak Gabon giroko apaingarriak eta eskulanak.
Pilar Azpiazu gabiriarra da Kurkubi markaren sortzailea. Aimar Maiz Pilar Azpiazu gabiriarrak zortzi-bat urte daramatza Gabon motiboko apaingarriak eta eskulanak egiten. ‘Cucurbita’ generoko kuiak edo kalabazak erabiltzen ditu hasieratik, eta dagoeneko Goierriko azoketan ezagun egin diren elurretako panpina margotuen oinarrizko materiala da. Izena apur bat eraldatuta, Kurkubi markarekin saltzen ditu.
Osabak baratzean ekoizten du kuia mota hori. Erromesaren kalabaza ere esaten zaio, garai batean Donejakue bideko oinezkoek ura eramateko erabiltzen zituztelako, barrua hustuta. «Urrian edo azaroan jasotzen ditugu baratzetik, eta bost edo sei hilabete lehortzen uzten ditugu. Asko usteldu egiten dira prozesuan, baina ondo irteten direnek balio dute garbitu eta gero margotzeko», azaldu du Azpiazuk.
Elurretako panpinak, adibidez, kalabaza beteekin egiten ditu. Ontzitxoak edo txarroak egiteko, aldiz, hustu egiten ditu. Urteotan, apaingarri ugari sortzera iritsi da: elurretako panpinak, oiloak, perretxikoak, txarroak, ontziak, ahateak… «Orain lanparak egiten ere hasi naiz. Kableak eta bonbilla kokatu oinarri batean, eta gainean kalabaza ezartzen diot. Kalabazari zulo pilo bat egiten dizkiot, barrutik argitzeko; giroa sortzeko lanparak dira, turkiarrek egiten dituzte halakoak asko».
Horiek denak kalabazekin egiten ditu, baina baditu beste material batzuetako eskulanak ere. Asko hazten ez diren kalabaza txikiekin, adibidez, gabon zuhaitza apaintzeko txintxilikarioak egiten ditu. Azpiazuren etxean halakoekin hornitzen dute. Zuhaitz txikiak ere egiten ditu, pinaburuekin; paseoetan aurkitutakoak etxera eraman, izei forman itsatsi, eta elur ukituan margotzen ditu. Haurrek Olentzerori gutuna bidaltzeko gutunazalak ere egiten ditu.
Eguberriak, eta urte osoko lana
Artelanak pentsatzea eta eskulanak egitea gustuko du Pilar Azpiazuk. Beasaingo Artekara joan ohi da, astean behin, eskulanetara. «Han ikusten dut besteek zer egiten duten, edo irakasleari galdetzen diot». Lanik handieneko garaia Gabonena dela aitortu du, azoka gehienak orain daudelako. Baina urte guztian aritzen da eskulanetan. Gau Beltzerako, adibidez, Gabiriako haurrekin egiten ditu, edo eskariz hamaika lani heltzen die; altzarien zaharberritzetik hasi, eta argazki pertsonalizatuekin etxeetako objektu zaharrak artelan bihurtzeraino.
Kurkubi markako eskulanak erakusteko eta saltzeko azokak baliatzen ditu. «Urtean hamar-batera joango naiz». Goierrin ibili ohi da, Zumarragan, Beasainen, Gabirian, Mutiloan, Ataunen… Aurten, lehen aldiz, Araman ere izan da, eta Santamasetan Arrasatera joateko gonbidapena ere lortu du, aurrenekoz.
«Gabonak gustatzen zaizkit, eta Gabonetako apaingarriak ere asko. Baina Gabonen ondoren beste gauza batzuk egiten ditut»
Azoka gehienak Gabon aurrean edo inguruan izanda, Eguberrietako motiboko eskulanak egiten ditu gehienak. «Gabonak gustatzen zaizkit, eta Gabonetako apaingarriak ere asko. Baina Gabonen ondoren beste gauza batzuk egiten ditut. Lanparekin eta argiekin ari naiz orain gehiago».

Elurretako panpinak eta bestelakoak egiten ditu Azpiazuk Curcubita generoko kalabazekin.Aimar Maiz
Kalabazek jendearen arreta handia erakartzen dutela nabaritu du. «Jendeari gustatzen zaizkio. Azoketara joaten ere horregatik hasi nintzen». Aurreneko bi urteetan etxerako, familiakoentzat, lankide eta lagunentzat banatu ondoren, saltzen hastea pentsatu zuen, eta gustura dabil harrezkero. «Askok uste dute umeentzako direla, eta haurrik ez daukatenek ez dute erosi ohi». Baina gustatzea eta etxerako ukitu bereziko apaingarri bat nahi izatea dira baldintza bakarrak.
«Gazteek asko erosten dute, eta azoketara mugitzen dira; umeak ere bai, baina ez dago adin jakin bat»
Galizia aldeko kalabaza generoa da kukurbita, eta gizonezkoei eta helduei bereziki begia joaten zaie. «Batez ere, hemen bizi den Espainiako jendea euren lurrekoez gogoratzen da, extremadurarrak eta galiziarrak». Oiloak arrautzekin jartzen dituenean ere arrakasta ziurra da. «Gazteek asko erosten dute, eta azoketara mugitzen dira; umeak ere bai, baina ez dago adin jakin bat». Azoketako presentziaz gain, Instagramen ere badu txokoa Kurkubik.
Eguberriei keinu berezia egiten die mihura landarearekin ere. Ontzitxoetan sartuta oparitzen du. Zuhaitzetan hazten den landare bizkarroia da mihura, baina dohain sendagarriak eta are magikoak ematen zaizkio. «Harritu egin naiz, baina jende askok edukitzen du etxean mihura Gabonetan. Tradizio bat ere badauka: erre egin behar izaten da urtero aurreko urteko mihura, eta oparitu egin behar izaten omen da».













