Korrika sartuko dira 2026an
Urtezahar egunean zortzi herritan izango dira krosak. Beasaingoa da zaharrena: aurten 50. edizioa egingo dute. Lazkaon, bildutako diru guztia ikastolari emango diote. Ordizian, lehenengoz, kuadrillaka parte hartu ahal izango dute.
Puntako atleta lehiakorrak ez ezik, giroarekin gozatu nahi duten lasterkariak ere parte hartzen dute Beasainen.Gotzon Aranburu Urteroko moduan, korrikan amaituko dute urtea goierritar askok. 2025a atzean utzi eta 2026an sartzeko presa izango balute bezala. Abenduaren 31rako zortzi herritan San Silvestre krosak antolatu dituzte.
BEASAIN
Beasaingo San Silvestre krosa Goierriko zaharrena da. Aurten, 50. edizioa egingo dute. Ohiko ibilbidea prestatu dute, 9.720 metrokoa. Korrikalariak 12:00etan abiatuko dira, Bideluzetik. Aurten ere sari bikainak eskainiko dituzte eta, hala, beti bezala, kanpotik goi mailako atletak etorriko dira. Irabazleek, gizon zein emakume, 1.500na euro jasoko dute, bigarrenek 1.200 eta hirugarrenek 800. 15. posturaino jarri dituzte diru sariak. Herritar, beterano (45etik gora) eta 18 urtez azpiko onenek ere badute garaikurra. Gainera, parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte. Izen-ematea abenduaren 29ko 22:00ak arte irekita dago (10 euro), 14 urtetik gorakoentzat. Kronoak.com, rockthesport.com eta beasain.eus webguneetan eman daiteke izena.
LAZKAO
Aurten ere Lazkaoko San Silvestre lasterketa solidarioa izango da, izena emateagatik 5 euro kobratuz. 2026an ikastolak Kilometroak festa antolatzen du eta Antzar Korrikalariak taldeak izen ematearekin bildutako diru guztia ikastolari bideratuko dio. Bi lasterketa egingo dituzte: 11:30ean gazteena eta 12:30ean helduena. Irteera Koxkor kafetegiaren parean izango da eta helmuga Amets Bat dendaren parean. Lasterketaren luzera 5,4 kilometrokoa izango da. Sariei dagokienez, lehenengo hiru neska eta mutilentzat, herriko lehen neska eta mutilarentzat eta azken neska eta mutilarentzat izango dira. Internetez abenduaren 29ko 20:00ak arte eman ahal izango da izena. Egunean bertan irteera puntuan izena ematen dutenek 15 euro ordainduko dute. Internetez izena ematen duten ikasleek ez dute ezer ordainduko. Egunean bertan, berriz, 5 euro ordainduko dute.
LEGAZPI
Legazpin haurren eta helduen lasterketak egingo dituzte. Haurrena 16:30ean hasiko da. Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu ahal izango dute. 16:15etik aurrera jaso ahal izango dituzte dortsalak eta ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea. Parte hartzaile guztiek opari txiki bat jasoko dute. Helduen lasterketari dagokionez, 17:00etan hasiko da. 16 urtetik gorakoek parte hartuko dute, banaka edo bikoteka. Ibilbidea 5 kilometrokoa izango da. Kale Nagusian hasi eta amaituko da. Izen-ematea abenduaren 30era arte egongo da zabalik, kronoak.com webgunean. Bakarka arituko direnek 6 euro ordainduko dute eta bikoteek 12.
LEGORRETA
Legorretan abenduaren 31n 12:00etan hasiko da lasterketa. Kalean ohiko ibilbidea egingo dute. Pikuk, Aldapa Haundi, Bilkoin eta Jota-Kea elkarteek antolatu dute San Silvestre krosa.
ORDIZIA
Ordizian 48. edizioa egingo dute. Lasterketa 18:30ean hasiko da, Plaza Nagusian. Korrikalariek 6.100 metroko ibilbidea osatuko dute. Aurten, lehenengoz, kuadrillen arteko txapelketa egingo dute. Taldeka parte hartu nahi dutenek, lau laguneko taldeak osatu beharko dituzte. 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Parte hartu nahi dutenek, kronoak.com webgunean eman behar dute izena. Izen-ematea doan da. Abenduaren 30ean, gauerdian, amaituko da izena emateko epea. Egunean bertan ezin izango da izena eman. Haurren lasterketa ere egingo dute, helduena abiatu aurretik. 17:30ean, hain zuzen ere. 2018an jaiotakoak izango dira korrika egiten lehenak eta 2013an jaiotakoak, azkenak.
URRETXU-ZUMARRAGA
Binakako lasterketa izango da aurten ere Urretxu-Zumarragakoa; 8. ekitaldia beteko du. Bikote mistoak osatu behar dira, gizonezko zein emakumezko. Urtezahar arratsaldean, 16:30ean hasiko da. Internetez eman behar da izena. Irteera puntuan ezin izango da izena eman. Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta, 5 kilometroko hiri-ibilbidea osatuko dute.
ZALDIBIA
Zaldibiako Gazte Asanbladak San Silvestre lasterketaren bigarren edizioa antolatu du. 16:30ean hasiko da, plazan. Ibilbide ezberdinak izango dira.
ZEGAMA
Zegaman bi lasterketa egingo dituzte: haurrena 17:00etan hasiko da eta 12 urtetik gorakoena 17:30ean. 12 urtetik gorakoek rockthesport.com webgunean eman behar dute izena. 13 euro balio du. Egunean bertan izena ematen dutenek 20 euro ordainduko dute. 100 euroko saria egongo da marka hausten duenarentzat. Eta kanpotik etortzen direnen artean Zegama-Aizkorri mendi maratoiko hiru dortsal zozkatuko dituzte.













