Lazkaoko Udalak 10,8 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du urte berrirako
Funtsezko inbertsioak egingo dituzte Lazkaomendiko oinezkoentzako bidean, San Jose auzoko igogailu publikoan eta uholdeen prebentzioan. 1.962.290 euro bideratuko dituzte, orain arteko kopururik handiena.
Kepa Zubiarrain alkatea eta Eneritz Miranda zinegotzia. Jon Mutuberria Lazkaoko Udalbatzak atzo onartu zuen 2026erako udal aurrekontua. Lazkaoko Udalak 10.832.554 euro izango ditu, aurtengo aurrekontua baino %7 handiagoa. UFFF foru finantzazio funtsaren igoerak ahalbidetuko du hazkunde hori. EAJren aldeko 7 botoekin, eta EH Bilduren babesik gabe atera dira aurrera. Helburu nagusia herritarren «ongizate soziala bermatzea» eta Lazkao «hobe» baten oinarriak jartzea dela azaldu dute.
Aurrekontuak beharrei aurre egiteko «solidarioak eta aurrerakoiak» direla esan zuen udalbatzarrean Kepa Zubiarrain alkateak, eta udal zerbitzuetan ere «hobekuntzak bultzatzen eta ekonomia eta enplegua sustatzen dituzten inbertsioak sustatzen» jarraituko dutela gaineratu du, «inolako zorpetzera jo gabe». «Ezin dugu geldialdirik izan, aurrera egitea ezinbestekoa da», azaldu du Zubiarrainek. Hartara, 2026an inbertsioaren bultzadari eutsiko diotela esan du, dagoeneko martxan dauden proiektuak amaituz edota jarduera berriak sustatuz.
Lankidetzan aurrera
Gastu orokorra «oro har» mantenduko dela iragarri du alkateak, eta Gizarte Zerbitzuei lotutako partidak ere «berariaz» indartuko direla ziurtatu du: Gizarte larrialdietako laguntzetarako 55.000 euro bideratuko dira, zergak ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko 16.000 euro, beste 11.000 euro birgaitzeko laguntzetarako izango da eta azken 20.000 euroak, Iparra-Hegoa elkartasun- eta lankidetza-programetarako.
Horrez gain, kulturaren, zerbitzuen eta jarduera ekonomikoaren esparruan ere aurrerapausoak emango direla ziurtatu dute: tokiko nortasunaren elementu nagusi gisa euskarari bultzada ematea, tokiko kontsumoa dinamizatzeko pizgarri berriak sortzea eta udalerriko Merkatarien Elkartearekin hitzarmena berritzea, besteak beste.
Inbertsio ahalmen handiena
1.962.290 euroko inbertsio ahalmena aurreikusten dute urte berrirako, 0 zorrarekin, orain arteko handiena, %16ko igoera izango baitu 2025arekin alderatuta. Inbertsio nagusiak hirigintzaren eta zerbitzuen esparruetan kontzentratzen direla azaldu dute, aurrekontu parte-hartzaileetan lehenetsitako hiru proiektuetan funtsezko inbertsioak eginda: Lazkaomendiko oinezkoentzako bidea (600.000 euro), San Jose auzoko igogailu publikoa (240.000) eta Enpaundi eta Areso-Antzalde eremuetan uholdeak prebenitzeko jarduketak (160.000).













