Segurako energia komunitatean izena emateko epea ireki dute
Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bati esker, Baratze pilotalekuaren teilatuan isntalazio fotovoltaiko bat egingo da.
2024ko irailean herrian energia komunitatea sortzeko aukera eta interesa dagoen aztertzeko prozesu bat abiatu zuen Segurako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ordutik hainbat lanketa egin dira eta dagoeneko hainbat erabaki hartu dituzte.
Urte hasieran egindako planteamenduari hainbat egokitzapen egin eta gero, apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza batera aurkeztu zen Segurako Udala. Diru laguntza honen xedea “10.000 biztanletik beherako Gipuzkoako herrietan instalazio fotovoltaikoak egitea da, ondoren tokiko energia komunitateen eskutik herritarrek bertan ekoitzitako argindarra erabili ahal dezaten”, adierazi du ohar baten bidez Segurako Udalak.
Eskaera onartua izan da eta ondorioz Foru Aldundiak Baratze pilotalekuko teilatuan instalazio fotovoltaikoa egingo du eta “Segurako Udalak, irabazi asmorik gabeko elkarte moduan sortuko den energia komunitateari instalazio hau 25 urtez erabiltzeko lagapena egingo dio hitzarmen bidez”. Elkartearen kide egiten diren herritar, bizilagun komunitate, elkarte eta merkatariek aukera izango dugu euren etxeetan instalazio honek sortzen duen zati bat auto kontsumitzeko.
Elkartearen kide egiteko baldintzak honakoak dira:
- Hasierako ekarpena 100€koa izango da eta ez da itzulgarria izango.
- Izena ematerakoan, zenbateko potentzia nahiko genukeen adierazteko aukera egongo da,
- gehienez 2Kw. Halere, lehenik izena ematen duten guztiei 0,5Kw bermatuko zaie eta behin hori
- eginda, soberan dagoena gehiago eskatu dutenen artean banatuko da eskalonatuki ( 0,5 Kwka).
- Zenbat eskatu orientatzeko hileko fakturan kontsumoa ikusi eta honako baremoak proposatu
- dituzte: Hilabeteko kontsumoa 100Kwh baino txikiagoa denean, 0,5Kw; 100 eta 200Kwh artean denean 1Kw; 200 eta 300Kwh artean denean 1,5Kw eta 300etik gora denean 2Kw.
- Urtero kuota bat egongo da. 0,5 Kw dituenak 30€, 1Kw 60€, 1,5Kw 90€ eta 2 Kw 120€. Kuota honen erdia urteko gastuak asetzeko izatea aurreikusten da (instalazioaren mantenua, aholkularitza…). Beste erdia etorkizunean egon litezkeen proiektu edo beharretarako erabiliko da.
- Izena emateko ondoko formularioa bete behar da edo udaleko harreran eskuragarri egongo diren esku orriak bete. Urtarrilaren 9an edo 16an aukera izango da energia komunitatearen eta proiektu honen nondik norakoak ezagutzeko, 18:00etan Botikaxarren antolatu dute batzar irekietan.
- Izena emateko epea urtarrilaren 23 artekoa izango da.
- Edozein galdera egin nahi izanez gero idatzi segurakotek@gmail.com helbidera.













