Seguran amaituko da Euskal Herriko ziklo kros denboraldia
Abenduaren 29an jokatuko da probaren 5. edizioa. Euskal Herriko txapelketa ere bertan erabakiko da. Muntaketa lanetarako herritarrei dei egin diete laguntzera gerturatzeko.
Aitor Garmendia itsasondoarra Segurako 4. ziklo kros proban, 2023an.Gotzon Aranburu Segurako 5. Ziklo krosa abenduaren 29an jokatuko da. Egutegiko azken proba izateaz gain, Euskal Herriko txapelketa ere jokatuko da bertan. Probaren aitzakian, urteari amaiera emateko, txirrindularitzari eskainitako asteburu betea antolatu du Segurako txirrindulari elkarteak. Abenduaren 26an, muntaketa lanak hasiko dituzte. Herritarrei deia zabaldu diete eta egun horretan boluntario gisa aritu nahi dutenei elkarteko kideren batekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
Abenduaren 27an, ziklo kros zirkuitua irekita egongo da herritarrentzat eta probatu nahi duen ororentzat, 15:00etatik 16:00etara. Parte hartzaile guztien artean, Lumagorriren lote bat zozkatuko da amaieran. Ondoren, 18:00ak bitartean, ziklo kros teknifikazio saio bat egingo da, Gorka eta Ion Izagirre eta Alex Aranburu txirrindulari goierritarrek zuzenduta. Gipuzkoako txirrindu eskola ezberdinetako 150 bat neska mutikoren parte hartzea dago aurreikusita.
Egun handia igandean izango da, abenduaren 29an. 9:00etan emango zaio hasiera lasterketari eta lau karrera jokatuko dira, kategoriaka banatuta. Zirkuitua orain bi urtekoaren antzekoa izango da, baina ez bera: «Aldaketa nagusia da ibilbidea ez dela Madura aldera pasako; errekatik Segura alderako eremuan gauzatuko da», jakinarazi du Joanes Imaz Segurako txirrindulari elkarteko kideak. Zirkuitua aurreko edizioetakoa baina motzagoa izango da; ondorioz, bira gehiago eman beharko dituzte txirrindulariek eta «erakargarriagoa» izango da ikusleentzat. Ibilbidearen gogortasuna «egon daitekeen lokatzaren araberakoa» izango da.
Lasterketak irauten duen bitartean txosna jarriko dute frontoian, ateratako dirua elkartea diruz laguntzeko erabailiko da. Aurtengo berritasunen artean, aipatu, Daniel Bonikowsky segurarrak egin dituela banatuko diren garaikur guztiak.
Segurako 5. Ziklo krosa. Egitaraua:
- 9:00: Master 40, 50 eta 60.
- 10:00: Kadeteak. Neskak eta mutilak
- 11:00: Junior, neskak eta mutilak; Open neskak.
- 12:00: 23 urtez azpikoak, Master 30 eta eliteko profesionalak.













