Hugo Gonzalez de Oliveira eta Nika Godun txapeldun Ordiziako igeriketa txapelketan
Ordiziako 43. Nazioarteko Igeriketa Txapelketa jokatu da gaur Majori kiroldegian. Goizean kanporaketak egin dituzte, eta arratsaldean finalak.
Ordiziako 43. Eguberrietako Nazioarteko Igeriketa Txapelketaren podiuma. Iñaki Gurrutxaga Herrialde Katalanetako Hugo Gonzalez de Oliveirak eta Frantziako Lyon taldean ari den Nika Godun igerilari errusiarrak irabazi dute Ordiziako 43. Nazioarteko Igeriketa Txapelketa. Txapelak janzteko hautagai nagusiak ziren, eta ez dute hutsik egin. Lehen euskalduna Euskal selekzioko Oscar Pascual izan da eta igeriketa egokituko irabazlea Nahia Zudaire.
Gonzalez de Oliveira Polonian Europako Txapeldun izendatu berri den proban –200 metro estiloak–, atera da garaile, eta Godun 100 bularreko proban lortu du puntuaziorik handiena.
Probaren hiru errekor
Lehiaketa Thomas Verhoeven Herbehereetako igerilariaren Txapelketetako errekorrarekin hasi da. 100 tximeletako proban, 52.42ko markarekin, Mario Todorovic kroaziarraren errekorra ehunen bakar batez hobetu du. Ondoren, Ordiziako azken txapelduna –2023ko edizioko garailea–, Jaime Morote, pronostikoak betetzen hasi da. 59.44 markarekin, behin-behineko lehen postura igo da, eta horri eutsi dio Gonzalez de Oliveirak lehen postua kendu dion arte.
Minutu batzuk lehenago, Txapelketako probarik lehiatuena jokatu da, gizonezkoen 100 libreak. Finaleko seigarren postua berdinketa haustean jokatu behar izan dute kanporaketa batekin. Nacho Camposen (2023ko edizioko txapeldunordea) eta Valentin Nesterkyn ukrainarraren arteko norgehiagokan 13 puntuko aldea egon da soilik.
Emakumezkoetan, Frantziako Lyon taldean igeri egiten duen errusiarrak ez die aurkariei aukerarik eman. Goizetik abisatu du, 50 bular erako txapelketako errekorra hautsi duenean. Maria Ramos Espainiako recordwoman-aren errekorra 2021etik zegoen indarrean. Hiru ehunenekotan hobetu du. Hala ere, puntuaziorik onena 100 bularreko proban lortu du, nahiz eta 2021etik Francesca Fangio Italiarrak daukan Txapelketako errekorra (7 ehunenetara bakarrik geratu da) ez hautsi. Baina 100 estiloko proban bai lortu du txapelketako errekorra, eta eguneko txapelketen hirugarren errekorra hobetu du 1.01.61eko denborarekin, Evellin Verrasztoren hungariarraren 1.01.85 marka onduz.
Naiara Pineda bigarren izan da errusiaren atzetik bular estiloko bi probetan, eta podiumeko bigarren postura igotzeko balio izan dio. Hirugarren Portugalgo Mariana Pacheco izan da. Gizonezkoetan bezala, emozioa jarri du txapelketaren azken unera arte, eta 200 estiloetatik 2.15.03rekin, nahikoa izan da hirugarren gelditzeko.
Euskaldun onenak
Sara Costaren eta Nahia Garrido urretxuarraren arteko lehia polita ikusi ahal izan da bizkarreko probetan. Madrildarrak irabazi ditu bi probak.
Euskal Herriko igerilari onenari dagokionez, Oscar Pascual nafarraren 50 libreek, 22.17ko markarekin, 723 puntuak eman diote sari hau lortzeko.
Arratsaldeko azken proba, igeriketa egokituko proba tradizionala izan da. Kasu honetan ere ez da ezustekorik izan eta Nahia Zudaire munduko dominadunak lortu du puntuaziorik handiena.
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
- 1. Hugo Gonzalez de Oliveira (200 metro estiloak). 1.55.59. 835 puntu
- 2. Jaime Morote (100 metro bular estiloa). 59.44. 804 puntu
- 3. Ignacio Campos (100 metro librea). 48.51. 789 puntu
Emakumezkoak
- 1. Nika Godun (100 metro bular estiloa). 1.06.51. 824 puntu
- 2. Naiara Pineda (100 metro bular estiloa). 1.07.84. 777 puntu
- 3. Maria Pacheco de Souza (200 metro estiloak)). 2.15.03. 731 puntu
Lehen euskalduna
- 1. Oscar Pascual (50 metro libreak). 22.17. 732 puntu
Igeriketa egokitua
- 1. Nahia Zudaire
BIDEOA ETA ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga













