Xalo dendak jaso du Eguberrietako erakusleihoen lehen saria
Aurten Beasainen erretiroa hartu duten bi merkatari omendu, eta lehiaketan bozka eman duten erosleen artean zozkatutako erosketak egiteko txeke-sariak ere banatu dituzte.
Beasaingo erakusleiho lehiaketaren sarituak, zozkatutako txekeen irabazleak eta erretiratutako merkatariak, gaur, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan.Iñaki Gurrutxaga Xalo arropa denda izan da Beasaingo Eguberrietako X. Erakusleihoen lehiaketaren irabazlea. Gaur arratsaldeko lehen orduan banatu dituzte sariak udaletxeko batzar aretoan egin duten ekitaldian. Erosketa txekeak ere banatu dituzte, eta aurten erretiroa hartu duten Pepi Unanua (Andreak) eta Juanma Bereziartu (Bereziartu tapiztegia) merkatariei aitortza egin die udalak.Sariak ematen Leire Artola alkatea, Elena Ruiz zinegotzia eta Asier Balda Goierriko merkataritza bulegoko teknikaria aritu dira.
Artola alkateak nabarmendu du udala jakitun dela tokiko merkataritza ez dela une gozoak bizitzen ari, eta sektorearekiko babesa, gertutasuna eta laguntza mantentzen jarraitzeko borondatean berretsi da. Beasaingo komertzioan kontsumitzeko deia egin die herritarrei eta goierritar guztiei.
Bi merkatariri aitortza
2025ean zehar erretiroa hartu duten bi merkatariri aitortza egin die segidan udalak. Andreak arropa dendako Pepi Unanuari eta Bereziartu tapiztegiko Juanma Bereziarturi oroigarri bana eman diete Ruizek eta Artolak.
Erakusleiho lehiaketako sarituak
Bareak elkarteak udalaren laguntzarekin antolatzen duen Eguberrietako erakusleihoen lehiaketako epaimahaia herritarren botoek eta Bareak elkarteko eta udaleko ordezkari banak osatu dute. Edizio honetan 1o saltokik parte hartu dute: Argi Optika, Arnedoko Txokoa, Foto Alzuri, Labores Otea, Mirari Mertzeria, Mujika Txirrinduak, Nagusi Optika, Enia Ileapaindegia, Vicuña Sport eta Xalo. Honakoak izan dira sarituak:
- 1. Xalo arropa denda
- 2. Mirari mertzeria
- 3. Foto Alzuri
Hiru sarituek garaikurra jaso dute eta denda irabazleak, urte osorako erakusleihoa apaintzeko doako zerbitzua irabazi du (4 erakusleiho, bat denboraldi bakoitzeko).
Erosketa txekeen irabazleak
Bozketan parte hartu duten herritarren artean egindako erosketa txekeen zozketan irabazle suertatu direnen izenak ere jakinarazi dituzte. Bareak merkatari elkarteko establezimenduetan gastatu beharko dute diru hori.
- 200 euro: Begoña Aiestaran
- 100 euro: Edurne Garmendia
- 100 euro: Ainara Zabala













