Oiangualde Stop plataformak Ordiziako udalbatzaren erabakia gaitzetsi du
Oiangualdea Stop plataformaren esanetan, "Ordiziako Udalbatzak uko egin dio Oiangualde Stopi alegazioei buruzko txosten juridikoak aztertzeko epea luzatzeari eta Oiangualden 82 txalet adosatu eraikitzea onartu du". Hemendik aurrera eman daitezkeen pausoak aztertzeko herri batzarra deituko du.
Ordiziako Oiangualde eremua.Loinaz Agirre. Oiangualdea Stop plataformaren esanetan, “Ordiziako Udalbatzak uko egin dio Oiangualde Stopi alegazioei buruzko txosten juridikoak aztertzeko epea luzatzeari eta Oiangualden 82 txalet adosatu eraikitzea onartu du”.
Plataformak alegazioak aurkeztu zizkion 2025eko martxoaren 27an, Ordiziako Udalbatzak Oiangualden 82 txalet adosatu egiteko Plan Partzialaren behin-behineko aldaketari. “Hau da, 2008an —etxebizitza-burbuila betean— onartu eta 17 urtez geldirik egon den 27 txalet bifamiliar egiteko plana egokitzeari bide eman zion”. Plataformaren esanetan, “udalak lau hilabete eman ditu gure alegazioei erantzuteko, eta duela bederatzi egun helarazi zizkigun udal idazkariaren eta udalez kanpoko aholkularitza baten txostena”.
Abenduaren 18an, “modu harrigarrian, udalak alegazioei erantzuna eman eta Plan Partzialaren aldaketa onartzeko proposamena urteko azken udalbatzaren osoko bilkuran bozkatzea erabaki du. Udalak bere txostenak egiteko lau hilabete behar izan dituen arren, txosten horiek aztertu, iritzia eraiki eta erabakia modu egokian hartzeko argudioak lantzeko bederatzi egun besterik ez dizkigu eman”.
Aldaketa “zalantzan”
Plataformak kontsultatutako hirigintza-adituen iritziz, “badaude Plan Partzialaren aldaketa zalantzan jartzeko eta udalak aurkeztutako txostenak eztabaidatzeko oinarri nahikoak, baldin eta horretarako borondate politikorik balego. Horregatik, osoko bilkuran, herri plataformak txostena landu, bere iritzia eman eta alderdi politikoekin elkarbanatzeko denbora gehiago eskatu du”.
Baina, “modu ulergaitzean, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk eskaera hori ukatu dute. Ez dugu ulertzen nola, beren esanetan, proiektuaren aurka dauden alderdi horiek ez dioten denborarik eman nahi proiektua geldiarazteko edukiak eta argudioak sakon aztertu nahi dituen herri plataforma bati. Edozein kasutan, aurkeztutako lege txostenek sortu dizkiguten zalantzen aurrean, dokumentazio osoa Arartekoaren esku utzi dugu, aztertu eta balora dezan”.
Era horretan, “udalbatzak, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta Ordizia Orainen aurkako bozkekin, Oiangualdeko Plan Partzialaren aldaketa onartu du. Horrek esan nahi du udalak bidea libre uzten diola eraikuntza-enpresari balio agroekologikoko altuko eremu horretan, herrigunetik aldenduta, 82 txalet adosatu egiteko”.
Oiangualdea Stop plataformak “behin eta berriro esan dugun moduan, eta osoko bilkuran adierazi bezala, Plan Partzialaren aldaketa atzera botako balitz, ezinezkoa litzateke 82 txalet adosatu horiek eraikitzea, eta oso zalantzazkoa litzateke 2008an onartutako proiektua bere horretan bideragarria izatea. Horrek Oiangualderen urbanizazioa eta txaletak behin betiko saihesteko aukera zabalduko luke”.
Erabakia gaitzetsi
Horregatik guztiagatik, Oiangualde STOP! herri plataformak udalbatzak hartutako “erabakia gaitzesten du, eta erabakia baloratu eta hemendik aurrera eman daitezkeen pausoak aztertzeko herri batzarra deituko du urtarrilean. Izan ere, Oiangualden ez dugu nahi ez txaletik, ez urbanizaziorik. Herri jasangarria, integratua eta orekatua nahi dugu”.













