Urtea jolasean amaitu ondoren, Errege Magoak falta dira Legazpin Gabonak amaitzeko
Haurrak eta gaztetxoak Gabonetako jolas parkean ibili dira aste hasieran. Igandean erregeentzako gutunak jasoko dituzte, eta kabalgata hurrengo egunean 18:00etan abiatuko da Bikuña kiroldegitik, Korosti dantza taldeak antolatuta.
Haurrek eta gaztetxoek Gabon bereziak izan dituzte Legazpin aurten ere, eta abenduaren 29tik 31ra bitartean Urbeltz pilotalekuan eta Azokan jarritako jolas parkeaz gozatzeko aukera izan dute, baita Txu Txu trenean ibiltzeko ere. Horren ondoren, eta urte berrian sartuta, gutxi geratzen zaie oporren amaierarako, baina badute oraindik ekitaldirik eskolara itzuli aurretik: Errege magoen Kabalgata.
Errege magoak Korosti Dantza taldeak gonbidatuta iritsiko dira aurten ere Legazpira, astelehen arratsaldean. Baina aurretik, igandean, urtarrilak 4, herriko haurrek idatzi dizkieten gutunak jasotzeko ekitaldia egingo dute Azokan, 18:00etatik 19:30era. Errege Magoen laguntzaileak arduratuko dira gutunak biltzeaz, eta gerturatzen diren guztiei txokolatea eta gailetak banatuko dizkiete.
Kabalgata, 18:00etan kiroldegitik
Urtarrilaren 5ean berriz, desfilean aterako dira erregeak hainbat legazpiarrez lagunduta, eta herri osoan zehar egingo dute ibilaldia. Bikuña kiroldegitik abiatuko dira 18:00ean, eta Laubideraino joan, eta plazan amaituko dute desfilea. Laubiden geldialdia egingo dute, eta plazan, amaierako ekitaldia. Jaiotza egongo da jarrita plazan, eta erregeek ohiko eskaintza egin ondoren, udaletxeko balkoira igoko dira. Dantzarik ez da faltako bi gune horietan.
Kabalgatan parte hartu nahi duten legazpiarrek 17:00etan Kiroldegian azaldu beharko dute, eta opariak kabalgataren bidean banatzea nahi dutenek, 16:00etatik 17:30etara bitartean eraman beharko dituzte kiroldegira.
Eguraldiak laguntzen ez badu, Azokan egingo dute amaiera ekitaldia, gainerako guztia bertan behera utziz.













