Hotzak eta hutsuneek markatutako feria
Elurrak eta izotzak eragina izan dute, eta saltzaile askok ezin izan dute bete asteroko hitzordua.
Eguraldiak beti izaten du eragina Ordiziako ferian, eta gaur, urteko lehenean, azken egunetan egindako izotzak eta bezperan eroritako elurrak markatu du goiza. Tenperaturak justu-justu gainditu du 0 graduko muga, eta hotzarekin batera, saltzaile askoren hutsa izan da 2026ko hasierako lehen feriaren protagonista nagusia.
Izan ere, bezperako elurrak oraindik zuri-zuri mantentzen zituen feriara joan ohi diren baserritar eta ekoizle askoren etxe eta ustiategi inguruak goizaldean, eta izotzak ez die utzi ibilgailuak hartu, eta feriaraino iristea.
Ordiziara iritsi direnen artean, berriz, baratzetatik generoa ateratzeko ibilitako komeriak aipatu dituztelako batzuek, dena elurpean zutelako atzo, feriarako prestatzeko garaian. Beste batzuek, eguraldi iragarpenekin beldurtuta, eta atzo jai eguna zelako ere bai, astelehenean jaso zituzten barazkiak, «baina eguerdi aldera arte ezin izan genuen baratzera joan ere egin, eguzkiak apurtxo bat berotu zuen arte, izotzak dena gogor-gogor utzita zuelako».
Gauzak horrela, itxura tristea izan du gaur goizean Plaza Nagusiak, postu asko falta zirelako, eta erosleak ere bai, hotzak atzera eraginda.
Perretxikoak eta babak
Perretxikoak, ordea, izan dira aukeran. Mikel Lasaren postuan hamabost kilo ziza hori (kiloa 39 euroan), zortzi kilo mendiko angula (26 euroan ), eta bi kilo saltsa perretxiko beltz izan dituzte salgai.
Eta Plaza Nagusian ez bezala, Zuhaiztian ez da izan hutsunerik, ez behintzat fruta saltzaileen artean. Horiek bai, aurkeztu dute produktu berri bat, baba handia. Sustrai postukoek zuten salgai, kiloa 4,5 euroan. Urteko lehen babak dira, eta Almerian dute jatorria (Espainian).
Bestela, aipatzekoa da marrubien prezioak behera egin duela nabarmen: kiloa 4,5-10,9 euro artean zegoen.















