Juan Pedro Agirre bolariak irabazi du Legazpiko Errege Saria
Emakumezko lehenengoa Ategorrietako Olatz Larrañaga izan da. Eguraldiak baldintzatu zuen partaidetza, eta 18 bolarik bakarrik parte hartu zuten.
Eguraldi kaskarrari aurre eginez jokatu zen atzo Legazpin bolatako Errege Saria, eta Juan Pedro Agirre legazpiarrak irabazi zuen. Emakumezko lehen sailkatua Ategorrietako Olatz Larrañaga izan zen.
Gauean botatako elurrak baldintzatu zuen Errege Sariko partaidetza, eta ohi baino bolari gutxiago izan ziren parte hartzen, guztira 18 gizon-emakume.
Saria Juan Pedro Agirrek jaso zuen, 37 birla botata. Bigarren eta hirugarren postuan beste bi legazpiar sailkatu ziren, biak 35 birlekin: Ion Orikain eta Juan Mari Iñurritegi. Laugarrena, Belauntzako Ramon Iglesias izan zen, 34 birlekin.
Txapelketa honetan sari bereziak izan ziren lehen hiru gizonezkoentzat eta lehen hiru emakumezkoentzat. Gizonezkoen sailkapena Sariko sailkapeneko bera izan zen, eta emakumezkoena, honako hau: Ategorrietako Olatz Larrañaga izan zen lehena, 31 birlekin; bigarrena Aitziber Makazaga zeraindarra 21 birlekin, eta hirugarrena, Altzako Nekane Etxeberria, 16 birlekin.













