Legazpik elurtuta eta izoztuta jarraitzen du
Udaleko brigadako langileak goizeko lehen orduetatik ari dira espaloietatik eta "puntu kritikoetatik" elurra eta izotza kentzen. Herritarrek gatza dute eskura herriko hainbat gunetan.
Legazpiko erdigunea zurituta dago oraindik. Udaleko brigadako langileak goizeko lehen orduetatik elurra eta izotza kentzen etenik gabe lanean ari badira ere, oraindik espaloi eta kale asko zuri daude. GI-2360 errepidea, aldiz, garbi dago, elur makinen lanari esker.
Atzo goizean, jai eguna izan arren, udal brigadakoek lanean jardun zuten gauean egindako elurra makinekin garbitzeko eta bide eta espaloietan gatza botatzeko. Baserrietako bideak ere garbitu zituzten traktoreei erantsitako palekin, gune bakoitzean izendatutako herritarrek. Arratsaldean berriz egin zuen elurra eta tenperatura asko jaitsi zenez, izotza egin zuen. Egoera horren aurrean, udal brigadako kamioiak eta suhiltzaileek garbiketa eta gatza botatzeko lanak egin zituzten. Udaleko lantaldeak gaur goizeko lehen orduan jarraitu du lanekin, “udalerriko errepideak, espaloiak eta puntu kritikoak berriro garbitzen saiatuz”.
Gatza, hainbat puntutan eskuragarri
Udalak, bestalde, gatza jarri du herritarrek eskura, herriko hainbat puntutan. Urtatza 29 eta 69 atarietatik gertu dago, Junetorri autobus geltokiaren ondoan; Laubide 11 inguruan ere bai, Olamendi eskola txikien ondoan; eta Txorronean ere bai. Auzoetan, berriz, plazan dago Telleriarten, eta elizaren ondoan, Brinkolan.














