Astotxo Egunak itxiko du Lazkaoko Eguberri aldia, igandean
Ohiko osagaiak izango ditu: asto diana, txapelketa eta kale antzezpena. Denera, 130 asto izango dira ikusgai plazan: 100 eta gutxi eme eta 25-30 ar. Lazkaotarrez gain, goierritarrei bertaratzeko deia egin die antolakuntzak.
Lazkaon igandean ospatuko dute Astotxo Eguna, Eguberri aldiari eta lazkaotarrek ondutako egitarau anitzari amaiera emango dion jaia. Ohiko osagai guztiak izango ditu berriro ere: goizean goizeko diana, Enkarterrietako Astoen kalifikazio ofizialak, Gipuzkoako 25. Enkarterri Asto Lehiaketa, eta Egiptoko ihesa kale antzezpena. Tenperatura hotzak izango badira ere, ikusle eta bisitari ugari bertaratzea espero dute antolatzaileek, eta horretara animatu dituzte inguruko herrietako goierritarrak ere. Ohi bezala, goiz guztian zehar festa giroa sumatuko da Lazkaon, eta astoa izango dute protagonista.
Ospakizun honek 1652an du jatorria, eta oraindik ere, Enkarterri astoaren Gipuzkoako topaketa garrantzitsuena izaten jarraitzen du Lazkaoko Astotxok. Zentzu horretan, beste urte batez ere, Antsoategik eta Gipuzkoako Astozale Elkarteak euskal asto arrazaren aldeko lanean jarduten dute, eta baserritarrek zein ganaduzaleek ere hurrengo urteetako biziraupena ziurtatzeko ekinean segitzen dute. Horren guztiaren isla izango da igandeko jaia ere, besteen artean.
Diana eta txapelketa
Plazan jarriko dituzte erakusgai asto guztiak, baina goizeko asto dianarekin hasiko dute jaia, goizeko 9:30ak aldera; herritik zehar kalejiran erabiliko dituzten haurrek eta herritarrek, Goierriko txistularien eta Lazkaoko joaldunen laguntzarekin. Parte-hartu nahi duenak 9:15ean hurbildu beharko du udaletxeko arkupeetara, bertan izango den mahaietako batean izen ematera. Izen emate hurrenkeran esleituko dituzte astoak, guztiek laguntzailea duten arte. 60 bat asto prestatuko dituzte horretarako, eta txistulari zein joaldunez gain, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek ere alaituko dute plaza ingurua. Amaieran, salda beroa hartzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek.
Behin herrian zehar paseatu dituzten asto guztiak plazara iritsitakoan abiaraziko dute Gipuzkoako 25. Enkarterri Asto Lehiaketa. Eguerdi aldera sarituko dituzte lehiaketak irabazleak, asto ar eta eme dotoreenak aukeratu ostean. Epaimahai bat arduratuko da lan hori egiteaz, eta dianan zehar egokituko zaie plazako astoei azterketa egitea. Denera, 130 asto izango dira erakusgai, emeak gehienak, 100da gutxi, eta arrak, berriz, beste 25-30 bat. Horietako gehienak, 90 bat, Gipuzkoako Astozale Elkartean erregistratutako Euskal Arrazako astoak dira, eta beste 41 asto, berriz, gazte aitorpen hori lortu asmoz eramango dituzte Lazkaoko igandeko jai berezira.
Lehiaketari dagokionez, astoak lau kategoriatan lehiatuko dira: asteme gazteak (30 hilabetetik behera); asteme helduak; astar gazteak (36 hilabetetik behera); eta astar helduak. Garaikur moduan, zintzarri bana, 150 euro eta barazki sorta emango zaie astozainei.
‘Egiptorako ihesa’
Pandemiak 2020an ohiko kale antzezpena eten ostean, orain bi urte berreskuratu zuten berriz ere Egiptorako ihesa kale antzerki herrikoia, hura berreskuratzeko erronka jarri baitzuen berriro ere hogeita hamar urte luzeetan antzezlana aurrera eramateaz arduratu den Zawopi elkarteak. Hori horrela, aurtengoan ere, elkartea bera arduratuko da Astotxo Eguneko egitarauari amaiera borobila emateaz. Beste urte batez, herritarren partaidetzan eta antolakuntza-taldearen arnasberritzean oinarrituta, Lazkao Txiki zelaian taularatuko dute Egiptorako ihesa antzezlana, eta ohi bezala, 150 herritar inguruk parte hartuko dute Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren antzezpenean. Eguerdiko 13:00ak aldera izango da.
Egiptorako ihesaren aurretik egin ohi zen haurrentzat bideratutako Astotxo Txikia antzezlana, orain bi urte kentzea erabaki zuten antolatzaileek eta aurten ere ez da egingo.













