Cimasub Tour Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa bigarren urtez Beasainen
Zinema, hezkuntza eta ingurumen kontzientzia uztartuko ditu zinema zikloak. Hiru zinema-saio eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Arkaitz Marcel, Leire Artola, David Sanchez eta Mariola Pascual Usurbe Antzokian egin duten prentsaurrekoan.Loinaz Agirre. Urtarrilarekin batera, Cimasub Tour Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa iritsiko da bigarrenez Beasainera, udalaren eta Goiurp kirol klubaren arteko elkarlanari esker. Gaur eguerdian egin duten aurkezpenean nabarmendu dutenez, “herritarrengana kultura, ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa hurbiltzeko” helburua du zikloak.
Leire Artola Beasaingo alkateak eman dituen datuen arabera, iaz izan zen lehenengo edizioak “datu oso positiboak” utzi zituen. “Guztira, 247 lagunek parte hartu zuten zinema-emanaldietan”. Horrezaz gain, 227 haurrek hartu zuten parte Itsaspeko Txikizikloan, eta 55 lagunek Adinzikloan, Arangoiti egoitzan egindako saioan. “Argazki erakusketak ere jende ugari erakarri zuen, bi astez ikusgai egon zen bitartean”.
Artolaren esanetan, datu horiek “herritarren interesa agerian utzi zuen, eta udalaren helburuekin bat egiten du: kultura-eskaintza irisgarria eta kalitatezkoa sustatzea, ingurumenarekiko errespetua indartzea eta adin guztietako publikoari zuzendutako jardueren bidez ozeanoen kontserbazioari buruzko kontzientzia kolektiboa bultzatzea”.
II. Cimasub, urtarrilaren 14tik aurrera
Bigarren edizioak, Egia zure begien aurrean leloa izango du David Sanchezek nabarmendu duenez. “Lelo horrek itsaspeko mundua den bezala erakusteko nahia adierazten du, irudiaren bidez emozioa eta ezagutza uztartuz, eta ozeanoek jasaten dituzten mehatxuen aurrean kontzientzia pizteko helburuarekin”.
Nazioarteko film labur eta dokumentalen “aukeraketa bat” eskainiko dute Usurbe Antzokian 19:00etan, urtarrileko hiru asteazkenetan:
-
Urtarrilak 14: Brontzezko Saioa: itsas biodibertsitatea eta ozeanoen edertasuna ardatz dituzten lanak bilduko dira, Kantauri itsasotik munduko beste itsasoetara egindako bidaia bisualarekin.
-
Urtarrilak 21: Zilarrezko Saioa: edertasuna eta salaketa uztartzen dituzten filmak eskainiko dira, klima-aldaketa, kutsadura, gehiegizko arrantza eta espezie inbaditzaileak bezalako gaiak jorratuz.
-
Urtarrilak 28: Urrezko Saioa: jaialdiko lan saritu eta nabarmenenak bilduko dituen amaiera-emanaldia izango da, itsaspeko zinemaren bikaintasuna eta konpromiso soziala azpimarratuz.
Itsaspeko Txikizikloa
Aurten ere, txikienetan ere jarriko dute arreta. Urtarrilaren 14an, 10:00etan Usurbe antzokian, Ikastetxeei zuzendutako Itsaspeko Txikizikloa antolatu baitute. “Aurtengo edizioan, dagoeneko 240 ikaslek baino gehiagok eman dute izena. Jardueraren helburua da haurrei itsas ingurunea ezagutaraztea eta txikitatik kontserbazioarekiko balioak lantzea, zinema hezitzailearen bidez”.
Itsaspeko Adinzikloa
Eta helduenetan ere bai. Urtarrilaren 28an (10:30etik 11:30era) Arangoiti egoitzara eramango dituzte filmen bilduma, “esperientzia kultural eta emozional partekatua eskainiz. Emanaldi honek itsas hondoek gordetzen dituzten paisaia eta istorioak modu eskuragarrian ezagutzeko aukera emango du”.
Argazki erakusketa
Urtarrilaren 14tik 28ra Usurbe antzokian argazki erakusketa jarriko dute. Aurtengo argazki erakusketak mundu osoko itsaspeko argazkilari onenen lanak bilduko ditu. “Bisitariek itsas espezie paregabeak, arrezife koloretsuak, hondo abisalak eta Kantauri itsasoko irudiak aurkitu ahal izango dituzte, balio artistiko handiko argazkien bidez. Erakusketak ozeanoen edertasuna erakusteaz gain, haien hauskortasunari eta babesaren premiaz hausnartzera gonbidatzen du publikoa”.
Sariak
Goiurpeko Arkaitz Marcelek berritasun baten berri ere eman du aurkezpenean. Saio bakoitzeko ikusleen artean, bi pertsonentzako bataioak zozkatuko dituzte. Getarian egingo dituzte bataio horiek.













