Goierriko bertso eskolak Legazpin elkartuko dira igandean
Bertso Olariak herriko eskolak festa eguna antolatu die bertsotan ikasten ari diren goierritar gaztetxoei. Bertso Olariak 25. urteurrena ospatu berri du, eta kantu bat kaleratu du ospakizunei amaiera emateko.
Bertso Olariak eskolaren 25. urteurreneko abestian parte hartu dutenen taldeko argazkia. Bertso Olariek antolatuta, Goierriko bertso eskolako ikasle gazteak Legazpin elkartuko dira igandean, urteroko topaketa ospatzeko. Legazpiko bertso eskolak egun osoko festa eguna antolatu die bertsotan ikasten ari diren goierritar gazteei.
Euskal Herria plazan emango diote hasiera egunari, 11:00etan. Handik abiatuta, Latxartegi aretoan izango dute hitzordua 12:00etan, Bertso garbitzailearena izeneko ikuskizunarekin. 5-11 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzenduriko emanaldia da, baina herritar guztiak daude gonbidatuta. Sarrera doan da. Bertsoa protagonista duen ikuskizuna da hau.
Bazkarian elkartuko dira ondoren, 14:00etan, Lekanazpi elkartean, eta 15:30ean jolasak hasiko dira, plazan edo Azokan, eguraldiaren arabera. Bertsolari ikasleen topaketa 17:00etan amaituko da.
Legazpiko antolatzaileek herriko udalaren eta Goierriko Bertso Eskolaren laguntza izan dute festa egun hau prestatzeko. Goierri osoko etorkizuneko bertsolariak elkartuko dira bertan, legazpiarrekin batera, baita Lazkao, Segura, Ordizia, Urretxu eta Zumarragakoak ere, besteak beste, 35 inguru.
Bertso Olarien abestia
Goierriko bertso eskolen topaketaren antolatzaileak, Legazpiko Bertso Olariak eskolak , 25. urteurrena ospatu du iazko urtean zehar, eta ospakizunei amaiera emateko, kantu bat sortu eta bideo bidez zabaldu du.
Abestiaren doinua Joxe Arizkorretak konposatu du eta hitzak Ane Belokik, Lierni Ugartek, Jone Narbaizak eta Mikele Arizkorretak jarri dizkiote. Sortzaile guztiak bertso eskolako kideak dira. Kantua Axular Arizmendiren estudioan grabatu zuten, abenduan, Mutrikun.
Xaukenako musikariak izan ziren instrumentuetan, eta baterian, Aiur Goikoetxea. Ahotsetan, berriz, bertso eskolako kideak eta Axular Arizmendi bera aritu ziren. Bideoa, azkenik, Jon Goikoetxeak ondu du.













