Legazpiko futbolariek kromo albuma dute
Ilintxako 15 taldeetako jokalari guztien kromoak argitaratu dituzte. Kromoekin batera, albuma ere kaleratu dute, bilduma egiteko.
Txikienetatik maila gorenetaraino, Ilintxa futbol klubak 2025-26 denboraldian dituen 15 taldeetako jokalari guztiek kromo propioa dute, eta album pertsonalizatua ere bai, bilduma osatzeko. Zuzendaritzari laguntzen dion guraso-koordinatzaile taldearen ekimena izan da, klubak betetzen duen 80. urteurrena ospatzeko, eta oso arrakastatsua.
Igandean izan zen aurkezpen ekitaldia, Kale Nagusian, eta hurrengo egunerako agortuta zegoen lehen kromo sorta. Bigarren sorta asteazkenean banatu zuten herrian jarri dituzten sei salmenta puntuetan.
Kromo paketeak 1,20 euro balio du, eta Apatxo liburu dendan, Wang Xu txinatarren dendan, Hassan elikagai dendan, Abbas eta Gazi Gozo goxoki dendetan eta Hegialde-Legazpi dendan erosi daitezke. Albuma ere salgai dago, 5 euroan. Establezimendu horiek salmentagatik ez dute komisiorik, eta Ilintxa oso eskertuta dago horregatik.
Albuma osatzean, sariak
Gorka Gomez argazkilariak egin dizkie argazkiak banan bana jokalari guztiei, eta bakoitzak du bere kromoa, izen eta guzti. Gainera, album pertsonalizatua ere badu, azalean bere irudia duena. Barruan, taldeka antolatuta, kromo guztiak itsasteko orriak daude, eta erdian, iazko ekaineko Ilintxa egunean ateratako familia argazkia handia dago, poster formatukoa.
Jokalari gehienek aurkezpen egunean jaso zuten albuma, doan, eta 23 paketeko pack berezia erosteko aukera izan zuten, 25 euroan. Orain, salgai dituzte kromoak, eta bilduma osatutakoan sariak eskuratzeko aukera dute: tableta, bizikleta edo kirol kamera. Bilduma osatzen duten lehenengo 30 jokalariek bakoitzaren kromoaren posterra ere jasoko dute opari. Gainera, kromo paketeetan zuzeneko sariak ere atera daitezke: zapatila poltsak, motxilak eta poltsak.
Cromogal enpresarekin kaleratu dituzte Ilintxako jokalarien kromoak eta albuma.















