Maratoiaren lehen geltokia
Zegama-Aizkorri maiatzeko hitzorduari begira jarri da. Urtarrilaren 12an irekiko dute maratoirako aurre izen ematea.
Elhousine Elazzaoui iazko edizioko irabazlea, Zegamako helmuga gurutzatzen. Roger Salanova Zegama-Aizkorri mendi maratoia maiatzaren 17an jokatuko da aurten. Hala eman zuen jakitera urrian antolakuntza taldeak. 25. edizioa izango da aurtengoa, eta aurreko edizioetan ondutako izenari eusteko asmoz etorriko da berriz. Egun berean jokatuko da mendi maratoiaren osagarri den 15. Zegama-Aizkorri Junior Trail proba eta bi egun lehenago, maiatzaren 15ean, 12. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala.
Golden Trail World Serierako proba puntuagarria izango da 25. edizio hau ere; eta aurten berriz, 225 plaza zozkatuko dituzte korrikalarien artean.
Egun handirako hilabete batzuk geratzen diren arren, hitzordu garrantzitsua dute datorren astean proban parte hartu nahi duten korrikalariek. Izan ere, urtarrilaren 12an, datorren astelehenean, irekiko dute mendi maratoirako aurre izen ematea. Kronoak plataformaren bidez egin beharko da izen ematea, 12:00etatik aurrera. Urtarrilaren 23a izango da izena emateko azken eguna.
Hurrena, hilaren 26an
Bai Junior Trailean nahiz Kilometro Bertikalean izena emateko aurre izen ematea berriz, urtarrilaren 26an irekiko dute leku eta ordu berean. Amaitzeko, dortsalen zozketa otsailaren 20an izango da.













