Ordiziako kuadrilla arteko duatloian izena emateko epea zabalik
Apirilaren 11n jokatuko da II. Sukatloia, 10:30ean, Otegienetik abiatuta. Egin beharreko lana: bizikletaz Olakasairako joan-etorria, eta korrika, Gaztelura igo eta jaitsi.
Uztailaren 18an jokatu zen I. Sukatloiko parte hartzaileak.Sukatloia. Ordiziarrek badute apirilaren 11rako plana, II. Sukatloia, Ordiziako kuadrillen arteko duatloia jokatuko baita. Antolatzaileak pixkanaka-pixkanaka ari dira probaren eta egunaren zehaztasunak ematen. Ibilbideari dagokionez, aldaketa izango da. Iaz bizikletako jarduna Ordiziatik Larraitza bitartekoa izan bazen ere, aurten, Olakosaira (Akapulko) joan beharko dute lehendabizi Otegienetik Lazkaomenditik barrena, ondoren korrika Gaztelura igo eta jaitsi ondoren, berriz ere bizikletaz Ordiziako Fray Andresen estatura itzultzeko.
10:30ean hasiko da eta egin beharreko lanari dagokionean, txirrinduko lehenengo zatiak 8,5 kilometro (350 m desnibela) izango ditu, korrikakoak 10 kilometro eta txirrinduko bigarren zatiak 8 kilometro (150 metroko desnibela).
Izen-emate ofiziala zabalik
Duatloi herrikoian parte hartu ahal izateko baldintzak ondorengoak dira: ordiziarra izatea edo eguneroko bizitza Ordizian egitea, 2008an edo lehenago jaioa izatea eta bikotekideak kuadrilla berekoak izatea. Azken baldintza horretan badira bi salbuespen daude: bikotea mistoa denean edo 40 urtetik gorakoa den kasuan ez da beharrezkoa bikotea kuadrilla berekoa izatea.
Izen-emate ofiziala ireki dute antolatzaileek, Otegi-enea auzoko Nerea tabernan. Dagoeneko 25 bikote inguru badira izena emandakoak. Dena den, orain arte izena emandakoek ere Nerea tabernara joan beharko dira, ordainketa egin, kamisetaren neurria zehaztu eta bazkarirako interesa duten ala ez jakinarazteko. Parte hartzaile bakoitzak Teamergyrekin batera sortutako kirol kamiseta jasoko du opari. Partaide bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu; eta bazkaltzen geratu nahi duenak 20 euro.
Duatloian parte hartzen ez dutenek ere izango du bazkarira joateko aukera. Aurrerago jarriko dituzte txartelak salgai 10 euroan. 18:00etatik aurrera, Distopia elektrotxarangak girotuko du giroa.













