Ia 23,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Beasaingo Udalak, kontrako bozkarik gabe
Oposizioko hiru taldeak abstenitu egin dira bozketan. Etxez etxeko laguntzarako 1,3 milioi euro zehaztu dituzte, landa guneetako bide publikoen mantentze lanetarako 80.000 euro eta alokairuko etxebizitza publikoak sustatzeko lurzorua erosteko 400.000 euro.
Abenduaren 22ko osoko bilkura. EAJko zinegotziak alde bozkatzen besoak altxata.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak ia 23,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2026rako. Zehazki, 23.413.825 eurokoa da. 2025ekoa ia hogeita lau milioi eta erdiko udal aurrekontua izan da (24.443.329,84 euro). Abenduaren 22an egindako osoko bilkuran onartu zuten 2026koa, aurkako bozkarik gabe; EAJren bederatzi zinegotzien aldeko bozkekin onartu zen, eta EH Bilduren bost zinegotziek, PSE-EEren biek eta Elkarrekin-Podemosen bakarrak abstenitu egin ziren.
Udalak ohar bidez azaldu duenez, “2026ko aurrekontua legealdiaren hasieran ezarritako ardatz estrategikoei jarraikiz diseinatu dira”. Etxebizitza, ongizate soziala, ingurumen-jasangarritasuna eta enplegua ditu ardatz.
Etxebizitza “duina eta eskuragarria” du helburu udal gobernuak, batetik: “Gazteen eta familien beharrei erantzutea, lurzoruaren erabilera optimizatzea, alokairurako etxebizitza soziala sustatzea eta erabilera txikiko hiri-ondarea aktibatzea”. Alokairuko etxebizitza publikoak sustatzeko lurzorua erosteko 400.000 euroko partida txertatu dute, Ugartemendi eta Bernedoenea eremuak jomugan jarrita. Plan Orokor berriak aurreikusten du Ugartemendin alokairurako 90 etxebizitza publiko eraikitzea, eta Bernedoenean hiri-zabalgune berri bat garatzea, guztira 600 etxebizitza berri aurreikusiz, horietatik 270 babes publikokoak.
Beasainen identifikatutako 252 etxebizitza hutsak merkaturatzeko dirulaguntzak eta pizgarriak zabalduko dituzte. Emantzipaziorako, berriz, “18 eta 35 urte bitarteko gazteek eta mugikortasun urria duten pertsonek hilean 100 eta 250 euro arteko dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango dute”.
Etxez etxeko laguntzarako 1,3 milioi euro
Bestetik, ongizate sozialari dagokionean, “zaintza sareak indartzea, gizarte bazterkeriaren aurkako neurriak, adinekoentzako proiektuak, gazteen ongizate emozionala eta herritarren partaidetza sustatzean” jarriko dute indarra. Ongizate Sailak %10eko igoera izan duela azaldu du udal gobernuak. Etxez etxeko laguntza zerbitzurako 1,3 milioi euroko partida zehaztu dute, “%44ko gehikuntzarekin, herritarren eskaerei erantzuteko eta kalitatea hobetzeko”.
Etxelagun ekimena garatzea aurreikusi dute, baita Zaintza Mahaia sortzea ere, “arreta, mendekotasuna eta gizarte zerbitzuak koordinatzeko gunea”. Nahi ez den bakardadearen aurka, Beasain konektatzen da kafe baten bueltan ekimena aipatu dute. Gazteriaren Plan berria ere landuko dute.
Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko igogailuan urratsa
Ingurumenaren arloan, “herri-ingurunea zaindu, berdeguneak eta irisgarritasuna hobetu eta klima- eta ingurumen politikak sendotu” nahi dituzte. Ibaien garbiketa eta espezie inbaditzaileen erauzketa lanekin jarraituko dute, “baita hirigunean babesgune klimatikoak sortzeko esku-hartzeekin eta desamiantatze lanekin ere”. Mugikortasun jasangarriaren esparruan, CarSharing edo auto elektriko partekatuaren zerbitzua “egonkortuko” dute.
Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala landuko du udalak lehen aldiz. Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko igogailuaren proiektuak lehen urratsak emango dituela iragarri dute. Arana Gaiztarro parkea berritzeko parte hartze prozesua ere jarriko dute martxan, “igogailu bat txertatzeko proposamenetik abiatuta”.
Uda partean Senpereko horma-irudia handitzeko proiektua dute aurreikusita. Xabier Anunzibai beasaindar artistak egin zuen lehen zatia.
Landa auzoei dagokienean, AuzoTaxi dirulaguntza zabalduko dute, Gudugarreta auzoa programa horretara gehituta, eta landa guneetako bide publikoen mantentze lanetarako 80.000 euroko partida gorde dute.
Merkataritzarako dirulaguntzak
Goiekirekin lankidetzan, formazioa eta enplegua sustatzeko laguntzak ezarriko dituzte. Tokiko merkataritza indartzea, negozioen jarraikortasuna bermatzea, saltoki hutsen berrerabilera eta azokaren sustapena dituzte xede. Zero Hondakin-rexcatering proiektuarekin jarraituko dute.
Tori! banaketa jasangarrirako zerbitzuak tokiko produktuak etxebizitzetara eta takilletara banatzen jarraituko du; eskaera egiten duten etxebizitzetako atarietan takillak doan instalatuko dituzte.
Oposizioaren ekarpenak aurreikusita
Udal gobernuaren esanetan, aurrekontuen negoziazioan udal gobernuak izan duen “gertutasuna eta prestutasuna” balioan jartzeko abstenitu dira oposizioko hiru taldeak. “Izan ere, onartutako aurrekontu orokorrek oposizioko talde politikoek egindako hainbat ekarpen ere barne hartzen dituzte, besteak beste: gaztetxo eta nerabeen artean zientzia eta profil teknologikoak sustatzeko STEAM tailerrak, Ezkiagako haur parkearen estalkiaren proiektua, aisialdian euskara biziberritzeko egitasmoak eta Seaska haurreskolako ataria berritzeko esku-hartzeak”.













