Iparragirre saria irabazi duten Legazpiko ama eta semea
Ane Odriozola idazle legazpiarrak bi aldiz irabazi du Iparragirre saria, 2019an eta 2021ean, narratiba euskaraz atalean. Haren seme Ibaik, berriz, 16 urte artekoen bertsopaper lehiaketa irabazi du azken edizioan.
Aita-semeak tabernan daude, ama-alabak jokoan; dio abesti herrikoi ezagunak. Legazpiko Olano-Odriozola familian zaletasun osasuntsuagoak dituzte: aita eta alaba kirolzaleak dira eta amari eta semeari, berriz, kulturarekin lotutako guztia gustatzen zaie. Ama Ane Odriozola idazle ezaguna da. Bost liburu argitaratu ditu dagoeneko. Ibai semeari, berriz, abestea, dantzatzea eta margotzea gustatzen zaio, batez ere. Baina baita bertsoak idaztea ere. 2025eko Iparragirre Sarietako 16 urte artekoen bertsopaper lehiaketa irabazi du. Haren ama bi aldiz saritu zuten Iparragirre Sarietan, 2019an eta 2021ean, narratiba euskaraz atalean.
Ibai Olanok 14 urte ditu eta DBH3 egiten ari da Haztegi ikastolan. Bertan hurbildu zen bertsolaritzara. «Ikasgaia izan genuen eta bi aldiz parte hartu dut Urretxun eta Zumarragan antolatzen den eskolarteko lehiaketan. Amak Iparragirre Sarietan parte hartzea proposatu zidan eta, horrelako guztietan parte hartzea gustatzen zaidanez, baiezkoa eman nion. Sortzea gustatzen zait».
Iparragirre Sarietarako, bidegabekeria sozialei buruzko bertsoak idatzi ditu. Bazuen zer idatzi… «Sei bertso idatzi ditut: lau lehenengoak zortziko handian eta azken biak zortziko txikian. Bertso guztiak 16 lerrokoak dira. Pertsona baten gogoetak dira, injustizia sozialei buruzkoak. Ez nuen irabaztea espero, marrazten, dantzatzen eta abesten idazten baino abilagoa bainaiz».
«Asko poztu nintzen Ibaik bertsopaper lehiaketa irabazi zuela esateko deitu zidatenean. Biok palmaresean egotea pozgarria da»
Ane Odriozola. Idazlea
Ama oso pozik ageri da, noski. «Ibaik sekulako sormena du eta tematu egin nintzen: behin eta berriro proposatu nion Iparragirre Sarietan parte hartzea. Asko poztu nintzen Ibaik bertsopaper lehiaketa irabazi zuela esateko deitu zidatenean. Biok palmaresean egotea pozgarria da».
Olanok idaztea gustuko du, baina abestea, dantzatzea eta marraztea gustukoago ditu. «Legazpiko marrazki lehiaketa hainbat aldiz irabazi dut. Horretaz gain, Korosti dantza taldean dantza egiten dut, Easo abesbatzan abesten dut eta interpretazioa ikasten ari naiz Donostiako Binahi akademian. Nire ametsa mundu artistikoan lan egitea da».
Musika eta interpretazioa direla eta, sarritan joaten da Donostiara. «Hor ibiltzen gara, bueltaka. Merezi du. Izan ere, Ibairi asko gustatzen zaio abestea eta Easo abesbatzaren eskutik areto garrantzitsuetan abesteko aukera izan du: Viktoria Eugenian, Kursaalen, Arriagan, Baluarten…», dio bere amak. Beste guraso asko bezala, Zubietara ere joaten dira, Mareni (Aneren alaba eta Ibairen arreba) futbola gustatzen baitzaio eta noiz edo noiz Realarekin entrenatu baitu.
Azken liburua
Alabak aitaren zaletasuna jaso du eta semeak amarena. Odriozolak urriaren 29an kaleratu zuen bere azken nobela: Al subir la marea. Makina bat aurkezpen egin ditu eta Durangoko Azokan ere izan zen. Urtarrilean Zaragozara joango da eta Donostian solasaldia egingo du irakurleekin. Al subir la marea XVI. mendean girotutako thriller historikoa da. Itsasontziak eraikitzen dituen Zarauzko familia bat da liburuko protagonista.
Seigarren nobela ere ia prest du dagoeneko. «Lehenengoz, nobela garaikide bat idatzi dut. Thriller juridiko bat da. Donostiako dirudun familia bateko semeari pisukidea hil izana leporatu diote eta liburuan epaiketaren berri ematen dut, zinpeko epaimahaiko emakume baten ikuspuntutik. Nobela idazteko, fiskal baten eta kriminalistikan lan egin zuen ertzain baten laguntza izan dut. Liburua 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran aurkeztuko dut».













