Aurreko urteak baino lehorragoa izan da 2025a Legazpin, eta elurra bi egunetan bakarrik egin du
Udalak jakitera eman ditu Goenaga estazio meteorologikoan iazko urte osoan zehar jasotako datuak.
Iazko abuztuko irudi bat, bero handiko egunen biharamunean. Legazpiko Udalak iazko urtearen balantze meteorologikoa kaleratu berri du, Goenaga estazioan egunero jasotako datuei jarraiki. Balorazio horretatik nabarmendu behar da 2025a azken hamar urteetako bigarren lehorrena izan zela euriari dagokionez, eta elurra bi egunetan bakarrik egin zuela, eta lurra estali gabe gainera. Tenperaturari dagokionez, aurreko urtea baino epelagoa izan zen iazkoa, eta 1958tik, zazpigarren altuena, batez besteko 13,73 gradurekin.
Datu horiek, eta askoz ere gehiago, jendaurrean daude Legazpiko Udalaren www.legazpi.eus webgunean.
Alonso Frances udal aparejadorea arduratzen da 1993tik Legazpiko datu horiek Goenagako estazioan egunero biltzeaz, eta Aemet estatuko meteorologia agentziara helarazteaz. Urteroko txostena ere berak egiten du.
Tenperaturek, gora
2025a aurreko urtea baino epelagoa izan zen. Batez besteko tenperatura 13,73 gradukoa izan zen, 2024an 12,98 gradukoa izan zen bitartean; 2023an, 13,74 gradukoa izan zen, 2022an 14,04 gradukoa, 2021ean 12,63 gradukoa eta 2020an, 13,28 gradukoa. Francesek egindako balantzean zehaztu duenez, 1958tik tenperaturak neurtzen direnetik zazpigarren batez besteko altuena izan zen iazkoa, eta hamarkada honetako hirugarren altuena. 1958tik honako batez bestekoa 12,72 gradukoa da, beraz, gradu bat epelagoa izan zen iazkoa.
Urteko egunik beroena abuztuaren 15a izan zen, 40,5 gradurekin, eta hotzena, martxoaren 16a, -2,5 gradurekin. Abuztua izan zen hilabeterik epelena, batez besteko 21,58 gradurekin, eta urtarrila hotzena, 7,86 gradurekin. Hamazazpi egun izan ziren 0 gradu azpiko tenperaturekin, gehienak urtarrilean, eta 34 egun 30 gradutik gorako neurketekin, gehienak ekainean eta abuztuan.
Iaz baino euri gutxiago
Euriari dagokionez, jaitsi egin ziren prezipitazioak 2024arekin alderatua. Iaz 1.027,40 litro jaso ziren, eta aurreko urtean, 1.564 litro. Azken 80 urteetako batez bestekoa urteko 1.527,95 litrotan geratu da. Azaroa izan zen hilabeterik euritsuena, eta lehorrena, ekaina.
Elurra aipatu behar da, bi egunetan bakarrik egin zuelako Goenagako estazio inguruan, eta horietan ez zuen zorua zuritu. Txingorrik ere ez zuen egin, ekaitza hamasei egunetan, behe lainoa 1zortzi5 egunetan eta ihintza 109 egunetan.
URTEKO DATU ESANGURATSUENAK
Tenperatura batez beste:
13,73º.
Tenperatura maximoa:
40,5º, abuztuak 15.
Tenperatura minimoa:
-2,5º, martxoak 16.
Hilabeterik epelena:
Abuztua: batez beste 21,58º.
Hilabeterik hotzena:
Urtarrila: batez beste 7,86º.
Euria urte osoan:
1.027,40 litro.
Egunik euritsuena:
Azaroak 20: 53,5 litro.
Euria zenbat egunetan:
185 egunetan.
Hilabeterik euritsuena:
Azaroa: 233,20 litro.
Hilabeterik lehorrena:
Ekaina: 26,90 litro.













