Elbereth taldeak agur esango du Oholtza bete bihotz kontzertuan
Martxoaren 28an izango da, Azokan. Koma taldearekin partekatuko dute karteldegia legazpiarrek. Sarrerak salgai daude.
Elbereth taldea, 'Omen' bosgarren diskoaren promoziorako irudian. Iñigo Peñagarikako Legazpiko Elbereth metal taldeak bere agurra iragarri du. Azken agurra, azken egurra izenburuarekin, taldearen 25 urteko ibilbidea itxiko duen kontzertua martxoaren 28an egingo du, Azokan, Andoni Zabaleta, Igor Iñurritegi eta Paul Ansina gogoratzeko Oholtza bete bihotz jaialdiaren hirugarren edizioan.
Kontzertuan Koma talde entzutetsuak ere joko du. Sarrerak salgai daude dagoeneko 15 euroan, Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan eta entradium.com webgunean.
Musikari legazpiarrek ohar baten bidez azaldu dituzte banda desegiteko arrazoiak. Oholtza lehen aldiz igo zirenetik 25 urte igaro direla gogoratu dute lehenik, eta bidean “hainbat kontzertu, entsegu, kilometro, bizipen eta garagardo elkarbanatu ditugu lagun askorekin”.
Mende laurdena ez dela urtero betetzen esan dute. “Momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditugu. Mugarri asko bete ditugu, noiz edo noiz ametsak zirenak egia bihurtuz”. Bost disko argitaratu dituzte, taula gainean “inoiz pentsatu ahal ez genituen taldeekin” aritzeko aukera izan dute, eta “hainbat lagun berri” egiteko aukera ere izan dute.
Hori guztia ospatzeko, “etxean” joko dutela iragarri dute. “Kontzertu oso berezia izango da, Andoni eta Iñurri omenduko ditugulako beste behin ere, eta 25 urteren ondoren, Elberethen azkena izango delako”.













