Legazpiko erdiguneko etxe zaharrak botatzen hasi dira
Kale Nagusia eta Nafarroa kalea artean daude, Karibe tabernen ondoan. Santxoeneaundi da bat, Alberdi arropa denda zegoen etxea, eta Santxoenetxiki, Basabe janari dendarena. Lurkide enpresa ari da lanak egiten, eta geratuko den orubean etxebizitzak egingo ditu Sutobal enpresak.
Legazpiko erdigunean dauden azkenetako etxe zaharrak botatzen hasi dira. Aurreko astean prestaketa lanak egin ondoren, gaur goizean iritsi dira hondeamakinak Kale Nagusiko eta Nafarroa kaleko Santxoenetxiki eta Santxoeneaundi botatzeko.
Bi kaleetara ematen duten eraikinak dira, eta izen horiekin baino gehiago, behe aldeetan azken urteetan martxan izandako negozioengatik izan dira ezagunagoak. Santxoenetxikin Basabe janari denda zegoen, eta Santxoeneaundin, Alberdi arropa denda. Ondoan, 2020ko amaieratik hutsik zegoen orubean, Patxi taberna zegoen.
Lanek ikusmin handia eragin dute, eta jende asko elkartu da goizean zehar Kale Nagusian zein Nafarroa kalean. Bitxikeriarako tartea ere izan da, Santxoenetxiki botatzen ari zirela, etxeko sukaldeetako baten paretan eskegita zegoen egutegi bat egon delako bistan tarte batean. Argazki ugari atera dizkio jendeak, eta zooma erabilita, ikusi ahal izan dute 1983 edo 1993koa zela, Laga tindategiak kaleratutakoa.
18 etxebizitza eta 17 garaje
Legazpin bertan egoitza duen Lurkide enpresa ari da eraiste lanak egiten, eta orubearen hondeaketa ere egingo du. Ondoren, Zumarragarako Sutobal promozio eta eraikuntza enpresak etxebizitzak egingo ditu bertan.
Eraikin berriak 18 etxebizitza eta 17 garaje izango ditu, hain zuzen, eta oraindik ez daude denak salduta. Sutobal enpresako arduradunek adierazi dutenez, botatze eta eraikitze lanak jarraian egingo dituzte, eta guztia bi urte barru amaituta egotea aurreikusten dute.
Bi etxeen historia
Felix Ibargutxi kazetariak ditu jasota etxe hauen nondik norakoak 2024ko amaieran Burdinola elkartearekin argitaratutako Santa Maria Kalea liburuan. Argitalpen horri Legazpiko erdiguneari dago eskainita, eta etxez-etxe egindako errondarekin jasotzen du bertan bere historia.
Santxoenetxiki Santxoetxe eta Gasperrenean izenekin ere ezagutzen zen. Lehen aipamenak 1609 urtekoak dira, Legazpi Seguratik askatu eta hurrengo urtekoak. Orduan Santxoetxe zuen izena. Ibargutxik liburuan dioenez, “uste dugu etxe hauxe dela 1787ko agiri batean azaltzen dena Canchorena menor izenez”. Jabea Juan Antonio de Jauregui y Gorosabel zen. Gasperrenea izena Gaspar Alustiza Egañari (Legazpi, 1879-1961) zor dio, eta azken urteetan horren ondorengo batzuena izan da. Basabe janari denda, berriz, 1940an denda zabaldu zuten beheko solairuan Felix Basabek eta emazte Blasa Saenz de Buruagak, eta horien seme Jose Luisek eraman zuen azkenekoz, 2004an betiko itxi zen arte.
Santxoeneaundi etxearen aipamen zaharrenak 1787koak dira, baina XX. mende hasieran Txanbolinenea ere deitzen zuten, Roque Azpeitia danbolin jotzailea bizi baitzen bertan. Eraikin osoaren azkenetako jabeak Faustino Urzelai, Patxi Osinalde Murua eta Felipe Alberdi eta Martixu Elgarresta izan ziren. Bebarruan burdindegia zabaldu zuen Osinaldek eta altzariak eta baserriko tresnak ere saltzen zituen. 1956an
Felipe Alberdik hartu zion errentan negozioa, eta eraikin osoa erosi zionean, dendan genero aukera zabaldu egin zuen, eta elektro gailuak eta jostailuak saltzen hasi zen. 1970eko hamarkadan, arropa eta jantziak saltzen hasi ziren. Denda 2019ko irailean itxi zuten betiko.
















