Goi mendian ibiltzeko hastapen ikastaroarekin hasiko ditu jarduerak Arrastakak
Atal teoriko/praktikoa egingo dute aurrena urtarrilaren 21ean eta 22an, eta atal praktikoa landuko dute Pirinioetan urtarrilaren 24an eta 25ean. Neguko irteeretan parte hartzeko ezinbesteko ikastaroa da.
Arrastaka Mendi Taldearen jardunaldi bateko irudia.Arrastaka Arrastaka Mendi Taldeak goi mendian ibiltzeko hastapen ikastaroarekin ekingo die 2026ko jarduerei. Bi zatitan banatu dute ikastaroa: urtarrilaren 21ean eta 22an atal teoriko/praktikoa egingo dute Arrastakaren lokalean 19:00etan, eta urtarrilaren 24an eta 25ean atal praktikoa landuko dute Pirinioetan.
Lehen saioan, teoriko/praktikoan, jardunaldiak aurkeztuko dituzte: erabili beharreko tresnak (kranpoiak, pioleta, botak, arnesak, mosketoiak, sokak…) eta goi mendiko oinarrizko segurtasun neurriak.
Saio praktikoan, pioletak eta kranpoiak erabiliko dituzte, eta eman daitezkeen egoerak landu: malda elurtuetan eroriz gero nola gelditu, ainguraketak nola egin eta elurretan zein izotzetan nola aseguratu.
Arrastakarekin irteerak egin ohi dituztenei zuzendutako ikastaroa da batik bat, baina era horretako ezagutzak izan nahi dituen eta goi mendiko jardueran hasi nahi duen edonorentzat ere irekia da. Arrastakak antolatuko dituen neguko irteeretan parte hartzeko ezinbestekoa da ikastaroa egina edukitzea.
Izena eman behar dute interesa dutenek. Horretarako, Arrastakaren lokalean egingo den bilerara joan behar da, urtarrilaren 20an, 19:00etan. Era berean, derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea irteeran parte hartzeko.













