Idiazabalgo Udalak ia 5 milioi euroko aurrekontua onartu du
Aho batez onartu zuen udalbatzak aurrekontua, azaroan. Inbertsioek landa eremuan izango dute eraginik handiena. Obra handirik ez, legegintzaldia amaitu bitartean.
Idiazabalgo ikuspegi orokorra, Loibiko begiratokitik. Josune Zarandona Idiazabalgo Udalak ia 5 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an. Hala onartu zuen udalbatzak, aho batez, pasa den urteko azaroan egin zuten osoko bilkuran. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak aurreratu duenez, aurreko urteetako lan ildoari jarraipena emango dio aurtengo aurrekontuak, «azken bi urteetan Gurutze Berriko proiektuak pisu handia izan du aurrekontuetan. Horiek amaituta ez dugu, legegintzaldia amaitu bitartean behintzat, obra handirik aurreikusten. Inbertsioei dagokienean, landa inguruneak izango du garrantzia handiena eta herri gunean mantentze lanak egiten jarraituko dugu», zehaztu du.
Xehetasunei begiratuta, udaleko pertsonal gastuetan 1.208.800 euro gastatuko ditu Idiazabalgo Udalak, eta gastu finkoetan, 2.219.578 euro. Azken atal honi dagokionean, eguneko zentroarena da puska handiena, 437.848,29 euro, zehazki. Musika eskola (189.486), herriko jaiak (85.000), Gazta azoka (50.000), kultur zerbitzuak eta ikastaroak (20.000) edo kultur ekintzetara (17.000) bideratutako gastuek osatzen dute poltsa, beste askoren artean.
Gastu finkoen atal honetan daude sartuta, era berean, etorkizunean egingarriak izan daitezkeen hainbat proiekturen azterlanak ere. Komentuko egoitzaren inguruko azterketa nabarmendu Alberdik horien artean. «Udalari komentuaren eraikina hartzeko aukera suertatu zaio. Eraikin handia da eta edozein pauso eman aurretik, zein erabilera eman dakiokeen aztertu behar da», zehaztu du. Aukeren artean, eguneko zentroa bertara leku aldatzea baloratzen ari dira.
Aurrekontuaren beste atal nagusietako bat da udalak egiten dituen ekarpenena. 2026an, 689.661 euro bideratuko dituzte poltsa honetara, herriko elkarte eta eskualde zein herri mailako beste zerbitzu batzuen artean banatuko dena.
Landa eremua
Azkenik, inbertsioetarako 814.353,51 euro egongo dira erabilgarri aurten. Azken urteetan herri gunean inbertitu da gehiago, baina aurten, landa inguruneak hartuko duela pisu handiena azpimarratu du alkateak. Egingo diren inbertsioen artean garrantzitsuena Urbizu auzora ura eramateko proiektuarena da (240.000 euro). «Bertako bizilagunak aspaldi egindako eskaera bat da. Dagoeneko proiektua landuta daukagu Gipuzkoako Urakekin. Lanak lehenbailehen hastea espero dugu», zehaztu du.
Arimasagasti auzoko irteeran ere aldaketak egin nahi dituzte, «errepide kontran, irteeratik autobus geltokiraino oinezkoentzako bide bat eraikiko da, eta handik gurutzatzeko bide bat jarriko da, semaforo batek erregulatuta». 90.000 euro aurreikusi dituzte lan hauetarako. Obra horiez gain, mendi lurren mantenurako beste partida bat ere gorde dute urtero bezala eta Zelaundieta baserriko bidean brea botako dute (80.000). Hainbat landa auzotan kale argiteria berrituko dute eta larre publikoetan inbertitzen jarraituko dute.
Inbertsioetarako 800 mila eurotik gora izango ditu erabilgarri udalak
Baso kudeaketan ere ahalegin berezia egingo dute aurten, «pinudi asko banda gorriak jota daude eta kudeaketa plan bat egina daukagu udalarenak diren sailetan eragiteko». Herriko lursailen mugaketa lanekin ere jarraituko dute (65.000). «Aurten 11 eta 12 poligonoetako lur jabeekin egingo da lanketa. 2024an jarri zen martxan eta hiru urteren buruan amaituta egotea aurreikusten da».
Herri gunea
Herri gunean ere aurreikusita daude hainbat inbertsio. Kale Nagusiko espaloiaren berrikuntza lanekin jarraituko dute (100.000) zuhaitzen sustraiek hondatutako bide zatiak konponduz. Bestalde, Txomenarenan jolas parke berri bat jarriko dute (70.000) uda hasterako; eta eskolako proiektuaren 2. faseari ere jarraipena emango diote (60.000) udako oporretan.
Amaitzeko, energia iraunkortasunari dagokionean, kaleko argiteria led sistemara pasatzeko lanekin jarraituko dute (20.000), «ia %90a ledera pasatuta daukagu eta falta direnak aldatzen joango gara».













