Lazkao Kirol Elkartearen barkamen oharra, asteburuko partidako gertakarien harira
Igandean Harizti Handiko harmailetan Azpeitiako Ikasberriren aurkako partidan entzundako "irain arrazistak zein jokalarien itxura fisikoari buruz egindako irain iraingarriak" salatu dituzte. Ikasberri Kirol Elkarteak ere salatu ditu gertakariak.
Lazkao Kirol Elkarteak igandean jokatu zuten partidetako batean Azpeitiako Ikasberri Kirol Elkarteko jokalarietako baten aurka Harizti Handiko harmailetan entzundako «irain arrazistak zein jokalarien itxura fisikoari buruz egindako irain iraingarriak» salatu ditu. Klubak defendatzen dituen balioen aurkako jokabideak izan zirela azaldu dute, eta aurkariei barkamena eskatzeaz gain, aurrera begira horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen hartuko dituzten neurriak jakinarazi dituzte: kirol agintariekin «elkarlanean» aritzeko zein klub barruan «sentsibilizazio eta kontrol neurriak indartzeko» konpromisoan berretsi dira. Ikasberri Kirol Elkarteak ere salatu ditu asteburuko jarrerak.
Hona hemen sare sozialetan zabaldutako oharra:
«Lazkao Kirol Elkarteak publikoki eta irmoki adierazi nahi du gaitzespenik sendoena eta erabateko arbuioa atzo Harizti Handi-ko harmailetan entzun ziren irain arrazistei, baita aurkari taldeko zenbait jokalariren itxura fisikoari buruz egin ziren irain iraingarriei ere, Ikasberri K.E.-ko jokalarien aurka.
Jokabide mota hauek onartezinak dira, eta ez dute lekurik ez futbolean, ezta gure gizartean ere. Gainera, gure klubak defendatzen dituen balioen aurkakoak dira: errespetua, inklusioa, heziketa eta elkarbizitza.
Horregatik, barkamena eskatu nahi diogu modu argi eta zuzenean Ikasberri K.E-ri, eta eskatzen diegu gure barkamen-mezua jokalari kaltetuei helarazteko. Gertatutakoa benetan sentitzen dugu. Atzo gauean, jada, barkamena modu pribatuan helarazi genion aurkari klubari, baina ezinbestekotzat jotzen dugu gaur ere publikoki adieraztea.
Klub gisa, gertatutakoaren aurrean irmotasunez jarduteko konpromisoa hartzen dugu. Horrenbestez:
Dagokionarekin eta kirol-agintariekin elkarlanean arituko garela berresten dugu, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen.
Partiden inguruan, klub barruan, sentsibilizazio eta kontrol neurriak indartuko ditugu.
Gogorarazi nahi dugu Harizti Handira etortzen den edonork errespetuz jokatu behar duela: animatzeak ez du inoiz esan nahi irain egitea, umiliatzea edo diskriminatzea.
Gure zaleei, familiei eta bazkideei: guztion ardura da. Zero tolerantzia arrazkeriaren eta edozein irain edo diskriminazio motaren aurrean. Isiltasunak edo konplizitateak ere kalte egiten du.
Lazkao KE – Zuzendaritza Batzordea»













