Maratoiko aurre izen emateak 7.000ko langa gainditu du 24 orduan
Atzo eguerdian ireki zuten Zegama-Aizkorri mendi maratoiko aurre izen ematea. Goranzko joerari eusten dio, beste urte batez.
Kazetari eta argazkilari ugari erakartzen ditu Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Irudia 2023koa da. Iñaki Gurrutxaga Zegama-Aizkorri mendi maratoirako aurre izen ematea ireki eta 24 ordu, ozta-ozta, pasa direnean 7.000ko langa gainditu da dagoeneko. Zehazkiago, 7.085 dira une honetan, aurre izen emateko eskaera egin duten korrikalariak, Rock the Sporten web gunean jasota dauden datuen arabera. Datuak minuturo ari dira aldatzen.
Maialen Arizkorreta Zegama-Aizkorri mendi maratoiko komunikazio arduradunak baieztatu duenez, eta azken urteetako joerari jarraituz, aurre izen emateak gorakada izan du iazko datuekin alderatuta; “iaz 6.300 aurre izen ematea izan ziren lehenengo 24 orduetan; goranzko joera mantentzen da, gutxika bada ere”, dio.
Aurre izen ematea egin duten korrikalarien gehiengoa gizonezkoa da, eta %9 inguru dira emakumezkoak; “urtero errepikatzen den datua da hau, nahiz eta gero, maratoian parte hartzen duten emakumezkoen zenbatekoa handiagoa izan”, zehaztu du Arizkorretak. Jatorriari dagokionean, Herrialde Katalanetakoak eta gipuzkoarrak izaten dira ugarienak, “aurten, herrialde katalanetakoek hartu diete aurrea gipuzkoarrei, momentuz”, dio.
Zozketa otsailean
Zoriari deitu beharko diote izena eman dute korrikalariek, guztira, 225 dortsal soilik zozketatuko baitituzte aurten ere. Zozketa otsailaren 20an egingo dute. Gainerako dortsalak modu honetara banatuko dituzte: 125 azken bi urteetan denbora onena egin duten korrikalarien artean, beste batzuk orain arteko edizio guztiak bukatu dituzten korrikalarien artean eta beste 125, antolakuntzak dituen konpromisoen artean.
Junior Trailean nahiz Kilometro Bertikalean izena emateko aurre izen ematea berriz, urtarrilaren 26an irekiko dute leku eta ordu berean.













