Zabalik da San Prudentzio jaietarako ekarpenak egiteko aukera
Jaietarako herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegia martxan jarri du Lazkaoko Udalak. Urtarrilaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dira proposamenak, webgunean.
Iazko jaietako txupinazoa, jaien aurreneko egunean.Aimar Maiz Lazkaotarren urteko egunik kuttunenek badute dagoeneko data berria, eta udala prestaketetan murgiltzen hasia da jada, fesa batzordearekin elkarlanean. Izan ere, 2026ko San Prudentzio jaiak apirilaren 24tik maiatzaren 1era izango dira, eta ohi bezala, Lazkaomendik hartuko du lekukoa ondoren: maiatzaren 8tik 10era ospatuko dira azken hauek.
Aurtengoan, baina, jaietako egitaraua aberatsa, parte-hartzailea eta adin tarte guztietarako eskuragarria izatea nahi dutenez, udalak inkesta bat abiarazi du, herritarren iritzia jaso eta datozen festen programaren lanketarako lagungarria izan dadin. Modu honetara, lazkaotarrek ere aukera izango dute euren gustuko jarduerak proposatzeko, musika-taldeei buruzko euren gustuak adierazteko eta jaietako beste hainbat alderdiren inguruko ideiak emateko. Horrez gain, orain arteko jaietako formatuaren inguruan ere hitza eman dezakete: hobetu beharreko alderdiez, faltan botatzen dituzten elementuez, egun berezien proposamenez…
Urtarrilaren 31ra arte
Galdetegi hau internet bidez egongo da eskuragarri udalaren webgunean, eta hilaren amaiera arteko epea izango dute lazkaotarrek hura betetzeko, hain justu, urtarrilaren 31ra arte, eguna bera barne.
Udalak herritarren parte-hartzea eskertu du, eta galdetegia betetzeko gonbita luzatu diete herritar orori, San Prudentzio 2026 jai herrikoi bereziak antolatzeko ekarpena egin dezaten eta herritarren nahiak, beharrak eta lehentasunak benetan islatzen dituzten jaiak antolatzea xede.
Kartel lehiaketa zabalik
Jaietako egitarauaren azala erabakitzeko kartel lehiaketak ere zabalik jarraitzen du, otsailaren 27ra arte. San Prudentzio jaiak eredutzat hartuta eta 32 x 15 cm-ko neurrien baitan egin beharko dira proposamenak, eta giro atsegina zein inklusioa bermatu beharko dute. Teknika aldetik askatasun osoa egongo da: marrazketa, collage, pintura edo beste edozein eskuzko zein ordenagailuz egindako teknika onartuko da. Parte-hartze orria barne duten gutun-azal itxian aurkeztu beharko dira proposamen guztiak udaletxeko harreran.













