Etxeko artista bat, Legazpiko erakusketa areto berezienerako
Joan Kruz ile apaindegiak Ane Urtzelai herriko artistaren lanak aukeratu ditu urteko agenda irekitzeko. Margoak, oihal estanpazioak, collageak eta eskultura bat jarri ditu ikusgai.
Ane Urtzelai Olabide (Legazpi, 2003). Etxeko artista gazte bat gonbidatu du Legazpin dagoen erakusketa areto bitxienak hasi berria den urteko agenda irekitzeko. Urtzelairen koadroak eta bestelako lanak Kale Nagusiko Joan Kruz ile apaindegian daude ikusgai joan den astetik, eta otsailaren amaierara arte ikusi ahal izango dira. «Ez izan lotsarik» dio artistak, «ile apaindegi bat da, baina oso ohituta daude erakusketak ikustera joaten direnekin. Sartu lasai eta gozatu nire lanekin».
Irailean jaso zuen legazpiar gazte honek ile apaindegiko erakusketetan komisario lanak egiten dituen Gorka Salmeronen deia bere lanak erakusteko. Gabonen ondoren lan berriak eginda izango zituela erantzun zion, eta horrela adostu zuten data. Urtarrila eta otsaila osoan egongo da irekita erakusketa.
Arte Ederretako masterra
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako ikasketak amaitu berritan, Altean (Alacant, Herrialde Katalanak) masterra egiten ari dela hartu du tarte bat Urtzelaik erakusketa hau muntatzeko. «Artean ekoizpena eta ikerketa du izenburua masterrak. Ikerkuntza du alde batetik, eta obrak egitea bestetik. Oso gustura nabil». Master honek «gauza berriak egiteko aukera ematen dit, nire saltsan ibiltzeko. Gainera, egundoko tailerrak eta instalazioak daude han».
Urtzelai margolari gisa egin da ezagun batez ere, baina azken hilabeteetan alboratu egin du diziplina hori pixka bat, masterreko lanak egiteko. Hala ere, laster koadroei eta olioei berriz helduko diela agindu du.
Paisaiak eta emakumeak
Olioaz margotutako koadroak dira, hain zuzen, ile apaindegian ikusgai dituen lan gehienak, baina ez bakarrak. «Grabatuak, estanpatutako oihal liburuxka bat, eta fundizioan egindako eskultura bat» ere ikusi daitezke.
Zatirik handienak «paisaiez hitz egiten du», batez ere margoek. Aurretik erakutsitakoak dira horietako batzuk, eta beste hiru berriak dira. Guztietan «paisaia lantzen dut, modu abstraktu eta koloretsu batean». Estanpatutako oihaletan ere ideia bera jaso du, eta brontzezko eskultura ere ildo beretik doala azaldu du Urtzelaik.
«Collage estanpazio moduko batzuk» ere jarri ditu ikusgai, eta horietan beste gai bat jorratzen du, «lamina horietan industrializazio garaiko Bilboko emakumeei buruz hitz egiten dut».
Lan horiek tamaina eta formatu desberdinekoak dira, eta ile apaindegiko paretetan zein apaletan daude eskegita eta jarrita.













