Iturri-haundi eremua berreskuratu dute Legorretan
Santa Marina bidearen ingurunea ere leheneratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak. Bi hiri-sarbide degradatu ingurumenaren aldetik berreskuratzeko prozesuak 41.500 euroko aurrekontua izan du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Legorretan 41.500 euroko inbertsioa egin du bi hiri-sarbide degradatu berreskuratzeko.
Batetik, herrigunean dagoen Iturri-haundi izenez ezagutzen den gunea berreskuratu dute. Aisialdira lotutako eremua egokitu dute, belar-sastrakak eta espezie inbaditzaileak kenduta, urmael naturalizatu txiki bat sortuta, zegoen iturria konpondu eta edangarri bihurtuta eta egurrezko bankuak jarrita. Gainera, Esnaola auzoarekin lotzen duen bidera arteko oinezko bidea ere egokitu dute.
Santa Marina bidean
Bestetik, Berostegi auzoan, Santa Marinako bidean, egin dute bigarren esku-hartzea, Legorretako meatzaritzari lotutako bide zaharrean. Iñaki Agirre Legorretako alkatearen esanetan, meategi inguruko bidea oso egoera txarrean zegoen eremu bat zen, hondakinez eta espezie inbaditzaileez josita, eta orain, hauek garbitu ondoren, bertako espeziak landatu eta meategi zaharretik datozen urak bideratu dira.
Next Generation laguntzak
Bi proiektuak Europako Next Generation diru funtsarekin finantzatu dira. Gaur goizean Legorretan izan da Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatua, berreskuratutako gune berriak bertatik bertara ikusten. Asensioren esanetan, “jarduketa horiek erakusten dute azpiegitura berdea funtsezko tresna dela espazio degradatuak berreskuratzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gure udalerrien ingurumen erresilientzia indartzeko”.
Gainera, Asensiok gaineratu duenez, “proiektu horiek klima-ekintza, biodibertsitatea eta gizarte ongizatea uztartzen dituzte”.












