Ordizia Mugimenduan, bihar lehen saioa
Aniztasun funtzionala duten gazteentzat aisialdi programa martxan jarriko dute Ordizian. Espazio sortzaile, irisgarri eta segurua eskaini nahi dute.
Ordizia Mugimenduan programa jarriko dute martxan, aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako aisialdi eta gizarteratze egitasmo berria. Udalak Batera Aske kooperatibarekin elkarlanean bideratuta, «aisialdi, kultura eta hezkuntza espazio sortzaile eta irisgarriak» eskaintzea dute helburu.
Batera Aske kooperatibak 2019tik darama gazteentzat saio antolakuntzan eta metodologia berriak ikertzen. «Gaur egungo kapazitismoa ulertu eta eraldatzeko prozesu aberasgarria da Batera Aske taldekideentzat eta egunero galdera berriak planteatzen dizkiogu gure buruari: nola sortu etorkizun inklusiboago bat? Nola aldatu behar ditugu kultura eta aisialdi ekintzak guztion beharrak kontuan hartu ahal izateko?».
12 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa da. Ordiziako Udalari esker, doakoa izango da. Lehen topaketa bihar, ostegunean, izango da, 18:00etan, Zuhaizti egoitzan. Ate Irekien jardunaldi gisa planteatu dute lehen saioa.
Gazteentzako sormen tailerra egitez gain, familientzako mahai-ingurua ere egingo dute, 2026rako aurreikusitako programaren nondik norakoak aurkezteko. Topaketan parte hartzeko izena eman behar da. Izen-emateak: bash@bateraaske.com – 680 155 746. Ordiziako herritarrek eta ikasleek izango dute lehentasuna.
Lagun taldea osatu
Astean behin elkartzea da helburua, erabiltzaileei «aukera jarraia eta irisgarria eskaintzeko». Gainera, Batera Askeren esanetan, «partaideentzat espazio seguru bat izatea da garrantzitsuena, ondo pasatu, lagunak egin eta gauza berriak ikasteko». Gehienetan, gazteleku edo kultur etxeetan elkartzen dira, «talde lana eta erlazio horizontalen bitartez jolas eta proposamen sortzaileak» aurrera eramanez. «Era honetan dantza, antzerki edo eskulan dinamikak lantzen ditugu, talde bakoitzaren nahi eta beharren arabera, norbera den bezala adierazi eta aske izateko helburuz eta adiskidetasun berriak sortzeko».
Izan ere, Batera Askekoek garbi dute: «Gazte guztiok izan behar dugu eskubidea lagun talde bat eta asteroko espazio seguru bat izateko. Aniztasun funtzionala duten pertsonak ere oso anitzak dira eta askok badute beraien lagun taldea eta bizitza sozial anitza. Baina bestetik, gazte asko etxean daude, beraien gurasoen lagunekin irteten dira asteburuetan edo familiaren garraio edo bestelako baliabideen menpe dira hirietara gerturatzeko aisialdi edo kultur zerbitzuetan parte hartzeko».
Gizartea sentsibilizatu
Aniztasun funtzionala-intelektuala dutenek aisialdian zein zailtasun izaten dituzten galderari, honela erantzun diote Batera Askekoek: «Gure proposamena galderari buelta ematea da: zeintzuk dira dagoeneko ditugun espazio eta zerbitzuen zailtasunak inklusiboak izateko?».
Era horretan, egungo «gizarte azkar eta indibidual» honetan, «sormen eta aniztasunak aukera berriak zabaltzen» dizkiete. «Horretarako gizartearen sentsibilizazioa da beharrezkoa, hausnartzen hasi eta bide berriak sortzeko. Askotan familia eta gazteek eskatzen duten gauza bakarra beraien begirada kontuan izatea da, hala ere erronkak ugariak dira: proposamenen diseinua, helburu eta erritmoen malgutasuna edo profesional berri edo baliabideen beharrak, besteak beste».













