San Blas ate joka hasi da Ordiziako ferian
Berritasun gehiago ere izan dira gaurkoan, horien artean ardi gaztanbera eta arbi beltza.
Urtarrilak hilaren erdia oraindik bete gabe duenean, San Blas ate joka hasi da Ordiziako ferian, eta lehen opilak salgai jarri dituzte gaur bertan, urteko bigarren asteazkenean. Gaurko egunak emandako berritasunetako bat izan da hori, baita ardi gaztanbera eta arbi beltza ere. Eguraldiak ere aipamena merezi du, garai honetarako tenperatura epela izan delako goizean.
Beti bezala, eguraldiak eragina izan du feria gunera hurbildutako jende kopuruarengan, giro bikaina zegoelako Plaza Nagusian zein Zuhaiztian buelta bat emateko eta erosketak egiteko. Bisitariak ere animosoago ibili dira. Legazpiko Olamendi institutuko ZIG gelako ikasleak izan izan dira bisitari horietako batzuk, eta Errenteriako Cristobal Gamon ikastetxeko LHko ikasleak beste batzuk.
San Blas opila eta gaztanbera
Bi astetik gora falta dira oraindik otsailaren 3ko San Blas egunerako, baina Maite Iturbe okina aurreratu egin da, eta salgai jarri ditu dagoeneko eztarriko minen aurkako erremedio diren opil tradizionalak. Borobilak, eta betiko estaldura zuri gozoarekin, 3 euroan saldu ditu aurtengo lehenak, San Blas izena txokolatearekin idatzia zutela. Datozen bi asteetan ere izango ditu, gutxienez.
Gaurko berritasunetako bat izan da San Blas opila, baina ez bakarra, ardi esnearekin egindako gaztanbera ere aurkeztu dutelako. Arizmendi gazta saltzaileen eta Mikel Lasaren postuetan zuten salgai, ardi gazta berriaren aurrerapen gisa. Amezketako Oteiza-Goikoa gaztagileek egindakoa da, eta 250 gramoko terrinetan izan dute salgai bi postuetan, 3,6 eta 3,8 euro bitartean. Gaztanbera gazta egin ondorengo gazuretik sortutako esnekia da. Ordiziako ferian behi esnearekin egindakoa ere badago aukeran, Judit Gartziaren postuan. 200 eta 300 gramoko poteetan ditu ontziratuta, Behieko markarekin, eta 3 eta 4 euro balio dute, hurrenez hurren.
Arbi beltza eta beste tuberkulu batzuk
Arbi beltza ere gaur ikusi diren produktu berrien artean izan da. Zurutuza ahizpek izan dute salgai, bakoitza euro batean. Barrutik zuria dela, eta jendeak purea egiteko erabili ohi duela azaldu dute saltzaileek. Tuberkulu gehiago ere izan dituzte aukeran: daykon arbia, errefautxoa, arbi-aza eta erremolatxa.
Perretxikoak ere izan dira salgai, Lasarenean: 20 kilo onddo, 44 euroan kiloa; 20 kilo ziza hori, 38 euroan kiloa; eta 15 kilo mendiko angula, 26 euroan kiloa.
















