Hiru bazter, zirrara bakarra
Maria Jesus Asurmendi zumarragarrak ‘Hiru bazter, zirrara bakarra’ erakusketa inauguratuko du gaur 19:00etan, Barrenan. Zumarragarrak lehen aldiz erakutsiko ditu publikoan akuarela-collage lanak.
Maria Jesus Asurmendi, Barrenan erakusketa prestatzen.Loinaz Agirre. Ordiziako Barrena jauregiko erakusketa aretoan bistaratuko ditu lehenengoz jendaurrean Maria Jesus Asurmendik (Zumarraga, 1966) akuarela eta collage teknika erabiliz margotu dituen koadroak. Figuratibotik eta abstrakziotik aldenduta, lehenengo akuarela-collagen Hiru bazter ezberdin, zirrara bakarra erakusketa inauguratuko du gaur 19:00etan.
Hiru bazter aukeratu ditu Asurmendik margolanetarako. Batetik, Euskal Herriko paisaiak dira. «Paseatzerakoan ikusten ditudan irudiak. Arbolak, Bizkaiko Arboledako meategietako amildegiak, ura…». Bestetik, Kantabriako itsasertza eta Marokoko Essaouira eta Marrakesh ere islatu ditu.
Teknikari dagokionean, akuarela erabili du nagusiki, zenbaitetan collagearekin uztartuta. «Collagea ere egiten aritu naiz, ez errepikatzeagatik. Akuarela-collagearekin egindako bilduma da, egindako lanen aukeraketa bat», argitu du zumarragarrak. Otsailaren 6ra arte egongo erakusketa irekita, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 19:00etara bitartean.
14 urterekin hasita
14 bat urterekin hasi zen Asurmendi margotzen, bere kasa, modu autodidaktikoan. 1991n Zumarragako Udal Akademian ikasten hasi zen Felix Vaquerizarekin, eta bertan jarraitu zuen 1999. urtera arte. Ondoren, akademia berean jarraitu zuen ikasten, Begoña Idiakezekin, 2001 eta 2003 artean. Asurmendik zehaztu duenez, bere ibilbidean zehar, prestakuntza handitu du espezializazio ikastaro batzuen bidez, besteak beste, Abdon Juaristi pintore bergararrarekin egindako pintura ikastaro baten bidez, eta Julian Ugarte pintore zarauztarrak 1997 eta 1998ko udetan Zumaiako Zuloaga Museoan emandako ikastaroen bidez. Era berean, eskultura-ikastaro bat egin zuen Antonio Oteizarekin, eta liburukia bere pintura-praktikaren osagarri bihurtu zuen.
Gaur egun, Urretxuko arte eskolan jarraitzen du prestakuntza artistikoarekin, Aitor Etxeberriarekin.













