Lup, irakurtzeko zailtasunak dituztenentzako tresna, Legazpiko Udal Liburutegian
Lupa adimenduna da, eta testu idatzi guztiak ahots bihurtzen ditu. Momentuz liburutegian bertan erabili daiteke bakarrik, baina aurrerago maileguan ere utziko dute.
Legazpiko Udal liburutegiak lupa adimendua jarri du herritarren eskura, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburuarekin. Lup du izena tresna horrek.
Sakeleko lupa adimendua da Lup, eta testu idatzi guztiak ahots bihurtzeko gai da klik bakar bat eginda. Horrela, irakurketa errazteko irtenbide eraginkorra eskaintzen du. Bereziki baliagarria da adinekoentzat, dislexia duten haurrentzat edota ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat, eguneroko jardueretan autonomia handiagoa izan dezaten.
Une honetan, gailua liburutegian bertan erabil daiteke, eta bertako langileek interesa duten herritarrei nola erabiltzen den erakusten diete. Aurrerago, mailegu zerbitzua zabalduko dute, herritarrek lupa adimendua etxera eramateko aukera izan dezaten.
Gailuaren diseinua sinplea eta erabilerraza da, eta teknologia berriekin ohituta ez dauden pertsonek ere erraz erabil dezakete. Ez du internet konexiorik, estaldurarik, ezta telefono mugikor edo ordenagailurik behar, eta horrek are irisgarriago bihurtzen du.
Ekimen honekin, Legazpiko Udal liburutegiak irakurketa irisgarriagoa eta inklusiboagoa sustatu nahi du, herritar guztien egunerokoa errazteko eta aukera berdintasuna indartzeko.













