Ordiziako PSE-EEk "hartutako akordioak eta konpromisoak betetzeko" eskatu dio EH Bilduri
Udal Talde Sozialistak "udal gobernuak erakutsitako adostasun tonua" eskertu du eta gogorarazi du "sozialistak prest daudela Ordiziako benetako beharrei erantzungo dien aurrekontu praktiko bat defendatzeko".
Ana Sanchez Herraez, Ordiziako PSE-EEren zinegotzia.PSE-EE PSE-EEk “positibotzat” jo du Ordiziako Udal Gobernuak elkarrizketan eta adostasunen bilaketan oinarritutako aurrekontuen negoziazio prozesu bat ireki izana. Ana Sanchez bozeramaileak, “EH Bilduk erakutsitako tonu konstruktiboa” eskertu du eta azpimarratu du Udal Talde Sozialista “beti prest egongo dela aurrekontu erabilgarri, orekatu eta Ordiziako benetako beharretara bideratuaren alde lan egiteko”.
Era berean, bozeramaileak ohar bidez adierazi duenez, sozialistek bat egiten dute “inbertsioetan aurrera egitearen garrantziarekin”, hala nola, Urdaneta eraberritzea, irisgarritasun jarduerak, Barrena liburutegia berregokitzea edo Plan Orokorra behin betiko bultzatzea. “Udalerriaren etorkizunerako esparru estrategikoak dira, eta ekarpenak egiteko eta adosteko prest gaude”, gaineratu du.
“Konfiantza mugatuarekin”
Hala ere, Sanchezek argi adierazi nahi izan du Udal Talde Sozialistak “konfiantza mugatuarekin” egiten diola aurre negoziazio horri, eta azaldu du “ez dela borondate kontua, esperientzia kontua baizik: osoko bilkuraren akordioak eta hartutako konpromisoak ugariak dira, oraindik bete gabe daudenak, eta horrek ezinbestean baldintzatzen du prozesuaren sinesgarritasuna”.
Bete gabe dauden konpromisoen artean, honako hauek nabarmendu ditu: “Tokiko energia-komunitatea martxan jartzea; ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzea; Hiri Antolamenduko Plan Orokorra esleitzea eta benetan aurrera egitea; Bizikidetza Plana garatzea; Udal Hezkuntza Kontseilua aktibatzea; Udal Larrialdietarako Plana eguneratzea, eta Osoko Bilkuran onartu eta oraindik gauzatu gabe dauden beste akordio batzuk”.
Era horretan, Sanchezek azpimarratu duenez, “adostasuna ezin da mezu batean geratu. Egitate, egutegi eta betetze eraginkor bihurtu behar da “. Ildo horretan, gogorarazi du “taldeen arteko eta herritarrekiko konfiantza indartzeko modurik onena hartutako konpromisoetan aurrera egitea” dela.
Bozeramaile sozialistaren hitzetan, “eskua luzatuta, zorrotz eta leialtasun instituzionalarekin jarraituko du, Ordiziak aurrekontu sendoa, adostua eta guztion ongizatera bideratua izan dezan”.












