Ordizian beste 112 argi-luminaria berrituko dituzte, Led teknologiara aldatuta
Led teknologiara egokituta, energia-kontsumoa %75 murrizteko helburua du Ordiziako Udalak.
Azken urteetan egindako lanen ondorioz, argiteria publikoaren hiru laurdenak Led sistemara egokitu dituzte Ordizian, “energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetuz”. Datozen asteetan, beste 112 luminaria zahar gehiago egokituko dituzte Led teknologiara. Udalaren esanetan, “2030 urtea baino lehen herri osoko argiteria sistema aldatzeko helburua lortuko da”.
Era horretan, ordezkatuko diren luminariaren energia-kontsumoa gutxienez %75 murriztea aurreikusten du udalak, eta “horrek energia-eraginkortasuna handitzea, CO₂ emisioak gutxitzea eta mantentze-kostuak murriztea ekarriko ditu, ingurumenaren eta udal baliabideen mesedetan”.
Argiteria berritzeko lanak honako gune hauetan egingo dira: San Bartolome auzoan eta N-I errepiderako irteerako bidean; Egutera bidean eta Santa Ana aparkalekuan; Sanperio, Arana eta Arramendi kaleetan, aldatzeko falta ziren luminariak berrituz; eta Anexotik Kiroldegira doan bidean.
Horiez gain, hainbat luminaria solte ere ordezkatuko dituzte, “Santa Amalia eta Filipinak bidegurutzearen inguruan, Buztuntzatik, Mallutz industrialderako pasabidean, Joseba Rezola kalearen hasieran, eta beste puntu batzuetan”.
Leycolan, S.A.L. enpresari esleitu zaizkio lanak, 81.834,24 euroko aurrekontuarekin.
Udalak azpimarratu du, “ekimen hau jasangarritasunarekin, energia-eraginkortasunarekin eta espazio publikoen kalitatearekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da, herritarren segurtasuna eta ongizatea hobetzeko helburuarekin”.












