Urretxuko Pagoeta taberna itxi dute
Igandean Urretxuko Ipeñarrieta kaleko Pagoeta taberna itxi zuten. Pagoeta Marinak eta Ulik ireki zuten duela 50 urte inguru. Ondoren, Jesus Esteban Ruiz Mutik hartu zuen. 12 urte lan egin zuen bertan. Duela 33 urte Jesus Telleria Tiki bere langileari pasa zion taberna. Telleriak bi bazkide izan ditu: hasieran Gorospe eta azken 20 urteetan Mariaje Etxaniz izan da bere bazkidea. Erretiroa hartzea erabaki dute.
Tikik 44 urte eman ditu Pagoetan lanean. Garai batean, oso gogor lan egiten zuten. “Adin guztietako bezeroak genituen. Astegunetan, kafea hartzera etortzen ziren langileak, poteatzaileak… etortzen ziren. 02:00etan ixten genuen. Eta asteburuetan, gazteak etortzen ziren. Golden dantzalekuaren urrezko garaian, kanpoko jende asko etortzen zen asteburuetan: Bizkaitik, Bergaratik, Antzuolatik, Oñatitik, Azkoititik… Sukaldaria genuen eta pintxoak eta ogitartekoak eskaintzen genituen. Gauetan ere lan egiten genuen. 05:00etan ixten genuen”, gogoratu du.
Taberna ixteak pena ematen dio, noski. “Oso jende jatorra ezagutu dut. Asko bezeroak baino gehiago dira, lagunak dira. Igandean lagun asko etorri ziren. Jendea hunkituta zegoen. Denek azken marianitoa hartu nahi zuten. Onena opa digute, baina pena ematen die”.













