Lakiolako eta Urtatzako hanburgesak, Lekanazpi elkartearen hurrengo jardunaldi gastronomikoan
Hilaren 30ean emango dituzte dastatzera, afarian, Goierriko beste hainbat produkturekin batera. Txartelak salgai daude dagoeneko.
Ariztizabal baserriko Itxaso Olabide, Makatza baserriko Agurtzane Gabiria, Urtatza baserriko Mikel Mantxola, Lekanazpi elkarteko Aitor Uribetxeberria, Lakiola baserriko Ander Ibarguren, Lekanazpiko Nekane Gonzalez eta Urteaga-Urkulegi baserriko Gorka Sasieta, hanburgesa dastaketaren aurkezpenean. Hanburgesak plater nagusi direla, Lekanazpi elkarteak jardunaldi gastronomiko berezi bat antolatu du urtarrilaren 30erako. Hegialde auzoko bi baserrietan hazitako txahalen haragiarekin egindako bi hanburgesa mota izango dira, eta Goierriko ogia, barazkiak eta garagardoa izango dituzte lagun, Elgoibarko arrautzekin batera.
Afarian zerbitzatuko dituzte guztiak, 20:00etan hasita. Txartelak aurrez erosi behar dira, 28 euroan, lotura honetan: https://vivetix.com/eu/entradas-hegialdeko-hanburgesa-dastaketa-cph5?s=link#/t8nvrxD3MTX. Prezioaren barruan bi hanburgesa osagai eta guzti, eta sei garagardo sartzen dira. Bezpera izango da txartelak erosteko azken eguna.
Iazko urte hasieran egin zuten antzeko dastaketa Lekanazpin. Orduan bi abeltzaintza mota eta bi behi arraza jarri zituzten aurrez aurre mahaiaren gainean, hanburgesa forman. Brinkolako Zubiaurre eta Errementaria baserrietako txahalen haragiekin egindakoak ziren. Dastaketa hark arrakasta handia izan zuen.
Hegialdeko haragia
Oraingoan, tokiko ekoizleen aldeko apustuarekin jarraitzen du elkarteak, eta Hegialde auzoko bi baserrietara jo du. Alde batetik, Lakiola baserriko Margari hanburgesa emango dute dastatzera, Akitania arrazako behi-haragiarekin egindakoa. Bestetik, Pakito hanburgesa dastatzeko aukera izango da, Urtatza baserriko Limousin arrazako behi-haragiarena.
Bi hanburgesek osagai komun hauek izango dituzte: Itsasoko Ariztizabal baserriko ogia eta Urteaga-Urkulegi baserriko barazkiak, Legazpiko Makatza baserriko gazta, eta Elgoibarko Berasaeta baserriko arrautzak .
Horrez gain, afarian sei artisau garagardo mota ere izango dira dastatzeko moduan, guztiak Lazkaoko Basabe etxekoak.
Lekanazpi elkarteak herritar guztiak eta kanpotarrak animatzen ditu gastronomia jardunaldi honetan parte hartzera, “tokiko produktuen zaporeaz eta giro atseginaz gozatzeko aukera paregabea izango baita”.














