Emakumeentzako aholkularitza juridikoa eskainiko dute Beasainen, hilean behin
Hileko azken asteazkenetan egongo da aholkularia Asmuberen lokalean, 16:00etatik 19:00etara. Gaur aurkeztuko dute zerbitzua, udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan.
Azaroaren 25a Beasaingo Erauskin plazan.Ariane Vierbücher Emakumeentzako aholkularitza juridikoa eskainiko dute hilean behin Beasainen. Gaur, 18:00etan, zerbitzu horren aurkezpena egingo dute Beasaingo udaletxeko batzar aretoan. Irule Abokatuak kooperatibaren sortzaile eta bazkide den Macarena Mugica Urbistondo abokatuak eskainiko du saioa.
Indarkeria matxistari, banaketei, dibortzioei, kaleratzeei edota atzerritartasunari lotutako auziak lantzen dituzte kooperatiban, eta Beasainen Oriamendi 18. zenbakiko Asmuberen lokalean emango da zerbitzua, hileko azken asteazkenetan, 16:00etatik 19:00etara. Hiru orduz egongo da aholkularia, eta ordubeteko iraupena izango du zerbitzu saio bakoitzak.
Emakumeenganako diskriminazio eta indarkeria egoeren gaineko informazioa, banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak (atzerritartasun legearen aplikazioa), etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazio orokorra, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak egiteko aukera eskainiko du zerbitzuak.
Udalak azaldu du kontsulta horien bidez “emakumeek bere buruengan duten segurtasun handitzea bilatzen” dela, “autonomia eta ahalduntzea sustatzea, erabakiak hartzeko eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten”.













