Sagarrak eta loreak, negu-neguko produktuak
Mendiola motakoa aurkeztuta, denboraldia ixten hasi dira sagar saltzaileak, eta negua izan arren, lore koloretsu ugari daude aukeran ferian.
Negua badoa aurrera, eta ferian berritasunak agertzeko garairik aproposena ez bada ere, ia astero iristen da produktu berriren bat Plaza Nagusiko postuetara. Gaur bertan, urteko hirugarren ferian, loreak eta sagarrak izan dira izarrak, berriak izateagatik.
Protagonista gehiago ere izan ditu feriak, bisitak, horien artean. Donostiatik iritsita, Basque Culinary Centerreko ikasle talde batek egin du gaur bisita feriara D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik eta eguraldi tristea eta 10 gradu inguruko tenperatura lagun zutela. D’Elikatuz bera ere izan da gaur albiste, udaletxearen alboko lokal batera eraman duelako bulegoa, Barrena jauregi ondokoan berrikuntza obrak egiten hasi direlako. Gertuago izango dute orain azoka asteazkenetan.
Jakintza ikastolako DBH-4ko ikasleak ere aipatu behar dira, postu bat jarri dutelako udaletxe ondoan, elkartasun pintxoak saltzeko. Ikasleek azaldu dutenez, elkartasun astea ari dira ospatzen ikastolan, eta Palestinara eta Seaska ikastoletara bidaltzeko dirua lortzeko, ferian pintxoak saltzea eta Errigora produktuekin osatutako otar bat zozkatzea bururatu zitzaien. Gaurko goiza aukeratu dute horretarako.
Nartzisoak, udaberriko loreen aurrekari
Iñaki Azanzaren postua ikusita, loreak negurako ere badirela argi geratzen da, kolorez eta landare ederrez beteta dagoelako aste hauetan. Aspaldian iritsi ziren pentsamenduak, ziklamenak edo azaleak, eta berriki baita hiazinto usaintsuak eta udaberri-loreak ere. Azkenekoz, nartzisoak ere jarri ditu salgai, lore hori biziekin batzuk, loratzeko oraindik beste batzuk. Nartzisoa 3,5 euroan dago salgai.
Udaberria gerturatzearekin bat, lore berri gehiago ekartzen joango da Azanza, geranioak, besteak beste.. Geranioei buruz galdezka joan omen zaio jendea, baina oraindik goizegi dela esan du gaur goizean.
Mendiola sagarra
Berritasun gehiago ere izan da, sagarretan, hain zuzen. Mendiola sagarra jarri du salgai Simon Aizpuruk, bere bilduma handiko azkena. Azaroan bildutakoa da, eta ganbaran ontzen utzitakoa. «Oraintxe gozatu da, eta jateko puntu-puntuan dago», azaldu du errezildarrak. Azal lodikoa da, baina jateko gozoa, bai gordinik, bai erreta. Kiloa 3 euroan saltzen aritu da, postuan zituen beste sagarrak bezala: errezilak eta Topac.
Aizpuruk esan duenez, agortzen ari zaio dagoeneko azken denboraldiko uzta, eta gauza bera esan du Gabiriako Jose Antonio Elosegik ere. Honek Landina, Mandi, Topac, Golden eta Golden Rush motatakoak zituen salgai, kiloa 2 eta 3,5 euro artean. Gabiriarrak bakarrik beste bi asterako generoa zuela esan du.
Ferian sagar gehiago ere badago aukeran: Aramako Patxi Arizmendiren postuan, eta Altzagako Arantxa Lopetegirenean.
Perretxiko gutxi, eta San Blas gertuago
Perretxikoetarako ere ez da garairik onena, baina Lasaren postuan izan dituzte batzuk salgai: hamar kilo mendiko angula, 26 euroan kiloa, beste hamar kilo ziz hori, 38 euroan, eta lau kilo saltsa perretxiko beltz, 38 euroan horiek ere.
Azkenik, San Blas gerturatzen ari dela agerian utzi du gaur izen bereko opilen salmentak. Maite Iturbe okin legazpiarrak aurreko astean jarri zituen salgai lehen aldiz, eta otsailaren 3a iritsi bitarteko ferietan ere izango ditu, gaur bezala. 3 euroan ditu.
















