Hurrengo Legazpi Winter Pride, otsailaren 20tik 22ra
Laugarren edizioa beteko du LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna ematea helburu duen topaketak. Asteburu osorako egitaraua prestatu dute, eta ekintzetarako izen-ematea ireki dute.
Iazko edizioan parte hartu zuten batzuk, Legazpiko tren geltokian, sagardotegira joateko. Legazpi Winter Pride topaketaren laugarren edizioak badu data. Otsailaren 20tik 22ra bitartean ospatuko da aurten, eta egun horietan Legazpi LGTBIQ+ kolektiboko kideen hiriburu txiki bihurtuko da berriz ere, herriko bertako, estatuko eta estatutik kanpoko beste toki batzuetako jendea hartuz. Antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute, eta ireki dute dagoeneko ekintzetan parte hartzeko izen-ematea.
Topaketa hau dimentsio handiagoa joan da hartzen, Londresen bizi den Jon Oliveira legazpiarraren ekimenez 2023an lehen aldiz ospatu zenetik. Oliveirak azaldu duenez, “pixkanaka-pixkanaka hazten joan da, eta aurten publiko guztiarentzako ekitaldi zerrenda bat dugu”. Ekitaldi horien artean, kolektiboari buruzko filmaren proiekzioa, kultur ekitaldiak eta festak izango dira.
Legazpi Winter Pride “kanpoko jendea erakartzearekin batera, Legazpik eta gure inguruek eskaintzen dutena erakusteko aprobetxatzen dugu, baita inguruko LGTBIQ+ publikoari leku bat emateko ere”.
Kolektibo horretako kide izan ala ez, edozeinek parte hartu dezake harrotasunaren asteburu horretarako prestatu dituzten ekintzetan. Internet bidez eman daiteke izena, www.legazpiwinterpride.eus webgunean edo @legazpi_winter_pride instagran kontuan.
EGITARAUA
Ostirala, 2026ko otsailak 20
19:00 Pride pelikularen ikuskizuna Legazpiko aretoan Zineklubaren eskutik.
22:00 Afaria Legazpiko Bidea Batzokian. Prezioa: 25 euro
Larunbata, 2026ko otsailak 21
14:00 Ordiziako Tximista sagardotegian bazkaria. Prezioa: 50 euro
17:00 Poteoa Legazpin
23:00 Winter Pride ospakizuna Legazpiko Kukue Tabernan: Odik & DJ Konbe. Doan
Igandea, 2026ko otsailak 22
11:30 Mirandaolako burdinolara bisita. Prezioa: 8,50 euro
14:00 Legazpiko Katilu tabernan bazkaria. Prezioa: 30 euro
16:30 Lenburrekin Tradiziotik modernitatera bisita: Txillida Lantokia, Fabrika, 50. hamarkadako eskola eta Langileen etxebizitza. Prezioa: 9,80 euro













