Aldundiak autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu Idiazabalgo San Blas jaietarako
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren ekimena da. Zerbitzu bereziak urtarrilaren 30ean eta 31n eskainiko dira.
Axariaren jaitsiera, Idiazabalgo San Blas jaien iragarle. Idiazabalgo Udala Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak gaur jakietera eman duenez, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu asteburu honetan, goierritarrek Idiazabalgo San Blas jaiak modu “jasangarri, eroso eta, batez ere, seguruan” gozatu ahal izan ditzaten.
Azahara Domínguez diputatuak adierazi duenez, ostiral eta larunbat gauetan, urtarrilaren 30ean eta 31n, zerbitzu bereziak izango dira. Zehazki, ostiralean, hilak 30, autobus batek Idiazabal-Beasain-Ordizia-Lazkao ibilbidea egingo du, goizaldeko 02:10ean eta 03:55ean Idiazabaletik abiatuta. Beste autobus batek Idiazabal-Segura-Zegama ibilbidea egingo du, 01:35, 03:20 eta 04:45ean Idiazabaletik irtenda.
Larunbatean, Beasaindik 23:35ean irtengo den autobus batek ibilbide hau egingo du: Ihurre-Idiazabal-Segura-Zegama. Zegamatik 0:10, 01:55 eta 03:40an irtengo da beste bat, eta Segura, Idiazabal, Ihurre, Beasain, Ordizia, Lazkao, Arama eta Itsasondo zeharkatuko ditu, Legorretara iristeko. Azkenik, Legorretatik irteerak 01:10, 02:55 eta 04:40an izango dira eta geldialdiak egingo ditu Itsasondon, Ordizian, Beasainen, Ihurren (4:40ko espedizioa izan ezik), Idiazabalen, Seguran eta Zegaman.
“Goierriko herritarrek jai hauez ahalik eta modu jasangarrienean, erosoenean eta seguruenean gozatu ahal izatea nahi dugu, horregatik, beste batzuetan egiten ari garen bezala, zerbitzu bereziak jarriko ditugu, nahi duen oro Lurraldebusen bidez Idiazabalera hurbildu ahal izatea bermatuz”, adierazi du Azahara Domínguezek, eta azpimarratu du “horrelako jaietan garraio publikoaren zerbitzua indartzeak segurtasun plus oso garrantzitsua dakar, batez ere gazteenentzat”. Halaber, azpimarratu du garrantzitsua dela “udalerri txikiek kalitatezko garraio publikoko zerbitzua izatea, desberdintasunak murriztea eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetzen baitu”.
Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.












