Helsinkiko metroko seinaleztapen sistema berrituko du CAFek
Kontratua 60 milioi eurotik gorakoa da. Lehendik hornitutako unitateen flota modernizatzeko eta aginte-postua hornitzeko lanak ere sartzen dira hitzarmenean.
Helsinkiko metro estazio bat.CAF CAFek Helsinkiko (Finlandia) metroko seinaleztapen sistema modernizatuko du. Metropolitan Area Transport Ltd, Helsinki City Transportek eta Länsimetro Ltd-ek (Helsinkiko metroa administratzen eta kudeatzen duten erakunde jabeek) baieztatu dute CAFek garatutako CBTC (Communications-Based Train Control) sistemarekin azpiegitura osoko seinaleztapena modernizatzeko kontratua CAFi esleitu diotela.
60 milioi eurotik gorako kontratua da, eta CAFek lehendik hornitutako M300 unitateen flota modernizatzeko eta aginte-postua hornitzeko lanak ere sartzen dira hitzarmenean, trenen kontrol-sistema horrekin bateragarriak diren eta ibilgailuetan sartuta egongo diren seinaleztapen-ekipoak gehitzeko.
CAFek ohar bidez adierazi du “urrats garrantzitsua” dela azken kontratu hori, “trenbideko seinaleen alorrean enpresak egindako apustua berresten baitu”. Helsinkirako proiektuarekin, OPTIO izeneko sistemak metro-sarearen funtzionamendua gaituko du modu automatikoan, eta lineen muturretan arreta beharrik gabeko itzulera automatikoko maniobrak egiteko aukera emango du.













