Inauterien usadio zaharrak gaurkotzen
Iaz egin zituen Otsoak dantza taldeak Ataungo inauteriak berreskuratzeko aurreneko ahaleginak, eta aurten ere egokitu dute hitzordu berria. «Ekimen herrikoia» izatea nahi dute.
Ataunek urte luzez izan du inauteriak ospatzeko usadioa errotuta herrian. 36ko gerraren aurreko urteetan negua esnatuarazteko egiten zen ohitura-festa berezia zen inauteriena Aian, San Gregorion eta San Martinen. Inauterietako asteartitarekin batera, baserriz baserri eta kalez kale eskean ibiltzen ziren, dantzan zein kantuan, zarata eginez eta auzoen arteko zirikan. 1939an eten zen ohitura hori, gerraostean, eta ordutik inoiz berreskuratu gabeko tradizioa izan da, gaurdaino.
1980ko hamarkadan Joxemiel Barandiaran eskolan zazpigarren eta zortzigarren mailako ikasleek egindako ikerketa baten oinarrian dago Ataungo inauterien inguruan ezagutzen den aurreneko informazioa. Eskolako haurrek Ataungo inauterien ospakizunaren inguruko informazioan sakontzeko helburua zuten, eta horretarako haien aitona-amonen testigantzak bildu zituzten. Mugarri garrantzitsua izan zen hori gaurko ataundarrentzat; iaztik daramate usadio zaharra berreskuratzeko lanetan.
Dantzarako zaletasuna
Joxe Bikuña ataundarrak jaso zituen lan horiek, eta orain bost urte utzi zituen Otsoak dantza taldeko kideen esku. Aiora Erauskin, Maitane Aizpurua eta Haizea Moreno dantza taldeko kideak hasi ziren informazio horretan sakontzen, eta lanak hausnartu ostean ohartu ziren aitona-amona horien guztien kontakizunaren oinarrian bazirela amankomunean zeuden zenbait ezaugarri; tartean, inauteriena 36ko gerran eten zen usadioa zela.
Eskean ibiltzeko makil dantza berezia ere egiten zutela jakin zuten Otsoakeko kideek, Ttantto ohiko dantzaren antzekoa zena: Mozorro zuri dantza. Mikel Sarriegi Etxezarreta beasaindarrak euskal dantzen inguruko ikerketa baten harira ondutako liburuan jasotako dantza da, Aurtzaka dantza taldearekin garai batean koreografiatua. Orain zortzi bat urte irakatsi zieten dantza berezi hori ataundarrei, eta ordutik, Otsoaketik igaro diren belaunaldi guztiek ikasi duten dantza izan dela jakinarazi du Morenok. Dantzaren izena ere ez da kasualitatea. Berreskuratu dituzten mozorro trajeen ezaugarri bati egiten dio erreferentzia: aurpegia estaltzeko erabiltzen zuten zapi zuriari, hori baitzen mozorro traje guztiek amankomunean zuten trapu zaharra.
Trapu zaharren eguneratzea
Mozorro ezberdinak identifikatu zituzten Otsoakeko kideek garaiko Barandiaran eskolako haurrek ondutako lanetan, eta horietako lau berreskuratu dituzte –testigantzetan gehien errepikatutakoak–.
Trapu zaharrak dira berreskuratutako mozorro hauen ezaugarri nagusiak: mozorroetako bat prakaduna da, alkandora gorria, zapia eta abarkak dituena; beste bat, gonaduna, gona zahar iluna soinean, abarkak, saskia eskuan eta zapia buruan, amona zaharren antzera; beste bat ardi narru azalarekin jasotakoa, prakadun zintzarriduna; eta, azkena, berriz, panpin moduan irudikatua, zetazko koloretako zapiak bizkarrean, soinekoa soinean, abarkak eta erratza eskuan daramana. Besteak beste, zarata egitea, udaberria esnarazteko lurrari astinduak ematea, zirikatzea eta hautsarekin zikintzea ziren pertsonaia hauen funtzioetako batzuk. Dantzariei ez ezik, gurasoei, gazteei eta haurrei mozorro-irizpide hauen baitan mozorrotzera gonbidatu die taldeak.
Ekimen herrikoia
Morenok azaldu du iaz eman zituztela herri inauteriak berreskuratzeko aurreneko urratsak: «Garai hartako inauterietako eskea eta mozorro zuri dantza irudikatzen zituen bideo laburra atera genuen, eta horiek soinean jantzita aritu ginen dantzan iaz». Aurtengoan, baina, «pauso bat haratago» joatea erabaki dute, eta Otsoaken ekimen soila izatetik urrun, Barandiaran eskolako guraso taldearekin, Jentilbaratza elkartearekin eta udalaren laguntzarekin batera antolatuko dute otsailaren 13ko jai berezia. «Inauteriek herri izaera izaten dute beti, eta guk ere horri eutsi nahi genion aurtengoan, parte-hartzea zabalduz eta gurasoak, haurrak zein gazteak ere ekimenean txertatuz», azaldu du Morenok.
Hartara, Ataungo inauterien jaia bere osotasunean ospatu nahi dute aurtengoan, garai batean herrian errotuta zegoen usadioa mantedu eta hura irudikatuta. Herritar guztiak interpelatuta, inoizko parte-hartze handiena izatea nahi dute antolatzaileek, euskal inauterien dantzetarako ere lekua eskainita. Geldialdi ezberdinak izango dituen «musikaz beteriko ekitaldia» izango dela aurreratu du Morenok: «Bikoitz inguruan hasi, Troska parean geldialdia egin eta herriko plazan amaituko dugu, denok batera dantzan».













