Lan sarituak proiektatuko dituzte bihar, Itsaspeko Zinema Zikloko azken saioan
Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko Urrezko Saioa izango da, Usurbe Antzokian, 19:00etan.
'Itsasoko zaborren erronka' film laburreko irudia.Cimasub Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren azken emanaldia izango da bihar Usurbe Antzokian. Urrezko Saioan, jaialdian aurkeztutako obra nabarmenenak eta lan sarituak proiektatuko dituzte, arduradunen esanetan, “kontakizun sakon, premiazko eta hunkigarrietan arreta” jarrita.
19:00etan hasiko dira ikus-entzunezkoak ematen. Norway, Welcome to the Darkness izango da lehena. Sonja Baserrena da, eta Emakume Bideogilearen Saria irabazi zuen. “Kinfish ontzian, Bader iparraldeko ur hotzetan orka eta balea konkordunekin elkartzen da, non gau polarra magia eta emozioen agertoki bihurtzen den”.
Jarraian, Olivier Bourgeois eta Emma Petterssonek Thailandian filmatutako The First to Fall eskainiko da. Cimasubek Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearekin egindako Hautaketa Berezia da. Datu kezkagarri bati aurre egiteko Bangkoken bildutako hogeita hamar aditu baino gehiagoren lana erakusten du: arrezifeak eraikitzen dituzten koralen %44 desagertzeko arriskuan daude.
The Tiny Wonders of Anilao. Philippines 2025 izango da hurrena. Urrezko Baranda irabazi zuen Valera Sakhnenkoren filma da. “Filipinetako bihotzera garamatza, ezkutuko unibertso bat azaleratzeko: arroz ale bat baino txikiagoak diren izakiak, kolorez eta misterioz mozorrotuak. Lau minututan, Sakhnenkok kamera begi poetiko eta aldarrikatzaile bihurtzen du, ozeanoaren edertasunik sotilenak ere babesa behar duela gogorarazteko”.
Hondakin plastikoek ozeanoetan duten eragina salatzen duen Itsasoko zaborren erronka emango dute gero. Euskal kostaldeei arreta berezia eskaintzen dio filmak. Cesare Maglionik zuzendua, Sara Lizarzaren gidoia eta lokuzioa ditu. “Zorroztasun zientifikoa eta ikusmen-sentsibilitatea uztartzen ditu, kontzientzia eta ekintza inspiratzeko”.
Etena argazkietarako
Saioa une batez gelditu egingo da, Diaporaman Cimasubeko argazkirik onenak ikusteko. Aurten aurkeztutako argazki lanik onenen artean aukeratu dituztenak proiektatuko dituzte, soinu banda “inguratzaile” batekin batera. “Talentuari eta itsas azpian bizi den aniztasunari egindako omenaldi bisuala”.
Alfred Schaschlen Magic Moments filmarekin segiko du saioak. Film Laburren kategorian Urrezko Baranda lortu zuen, “eta bost minutuko filma itsasoari egindako oda bat da”. Gutiziak itsas bizitza nola mehatxatzen duen erakusten du, Indonesiatik.
Eta amaitzeko, Shark Preyed obra emango dute, Marco eta Andrea Spinellirena. Dokumentalen kategorian Urrezko Baranda irabazi zuen. Espainian, Italian, Senegalen, Maldivetan, Filipinetan, Panaman eta Marokon filmatua, marrazo haragiaren merkataritzaren alde ezkutua aletzen dute. “Salaketaz haratago, filmak gogoeta sakona planteatzen du desagertzeko arriskuan dauden animalia horiekin dugun harremanari buruz”.
Ozeanoak Arangoitira
Bihar (urtarrilak 28), 10:30etik 11:30era, Arangoiti egoitzan egingo den Itsaspeko Adinzikloak itsaspeko zinema adinekoengana hurbilduko du, esperientzia kultural eta emozional partekatua eskainiz. Emanaldi horrek itsas hondoek gordetzen dituzten paisaia eta istorioak modu eskuragarrian ezagutzeko aukera emango du.













